Nafarroako greba deitzaileek esan dutenez, "ez da arrazoirik falta greba orokor baterako. Beharrezkoa bada ere, bizi eta lan baldintza duinen aldeko aldarrikapena ez denez bukatzen soldataren igoerarekin, eta salaketan harago joan behar duenez, greba orokorrera dei egiteko batu gara".
Haien iritziz, "kapitalistak gure bizi eta lan baldintzak okertzearen kontura aberasten dira. Joera are nabarmenagoa da krisi garaietan. Hori horrela, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore pobretuenen soldatak hobetzeko borroka, eta geure egiten dugu aldarrikapen hori". Gaineratu dutenez, "lanaldiak murrizteko, erretiro adina aurreratzeko eta bizi eta lan baldintza egiaz duinak lortzeko ezinbestekoa da sistema kapitalista zalantzan jarri eta gainditzea, pertsona guztiendako bizi baldintza unibertsal eta kalitatezkoak ziurtatzen dituen gizarte eredu baterantz pausoak ematea".
Lau eragileek "estatuen autoritarismoaren gorakada, gerra tentsioen goraldia, neurri errepresiboen areagotzea, proletariotza migratzailearen jazarpena eta militarren aurrekontua neurri gabe igotzea" salatu dituzte. Eta ezinbestekotzat jo dute ikuspegi internazionalistatik jardutea. Aldi berean, "kezkagarria da sozialdemokraziak eta gure ingurune politiko hurbileneko gobernu progresistek oposizio argirik ez egitea langile klasearen pobretzea azkartu eta frustrazio sozial gero eta handiagoa sortzen duten politika horiei. Horrek eskuin muturrari bide ematen dio haserre sozial hori itxuraz sistemaren kontrakoa eta konfrontaziokoa den diskurtso baten bidez kapitalizatzeko". Estatuarekiko independentea den langile mugimendu bat artikulatzearen alde egin dute. Deialdia ere, Iruñeko Errekoleten plazatik martxoaren 17ko 11:30ean abiatuko den manifestaziora joateko.
Deialdi gehiago
ESK sindikatuak ere greba orokorrerako deialdia egin du. Haren bidez, "langile klaseak azken urteotan jasaten ari den etengabeko pobretzea, patronalaren metaketa nahiaren eta euskal eta nafar erakundeek aurrera eraman dituzten politiken ondorioz, gizarte desberdintasunen gehikuntzaren kontura aberastasuna esku gutxitan metatzen lagundu baitute". Gehiengo sindikalak deitutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.
Jarki antolakunde iraultzaileak grebako deialdietan aktiboki parte hartzera deitu du. Adierazi dutenez, "grebak Euskal Herri Langileak (EHL) bere askapenari begira kolpez kolpe eraiki beharreko ibilbidea egiten jarraitzeko baldintzak errotzen lagunduko du". Gaineratu dutenez, "greba EHLren sektore prekarizatuenen antolakuntza ahalbidetzeko eta EHL guztiaren kontzientziazio eta aktibaziorako tresna izan behar da".