Ekhi Perez Sanzol, Julen Ruiz de Erentzun Ganboa eta Jon Orella San Martin, Andra Mari ikastolako ikasleak, auto berriztagarri bat eraiki zuten joan zen urtean. Beraien proiektu horrek Elhuyarren Bilboko zientzia azokan aurkeztu zuten eta, DBH 3-4 mailan, bigarren saria eskuratu zuten. Sari hark aukera eman die Bartzelonako Exporecera Jove azokan beraien proiektua aurkezteko asteburuan. Bartzelonako azokan aurretik hautaketa prozesua gainditu duten ia ehun proiektu aurkeztu dira lau mailatan banatuta. Sakandarrak DBH 3-4 mailan egon dira.
Batzelonako azoka hori 2000. urteaz geroztik egiten den nazioarteko ikerketa azoka da. Bertan, mundu osoko bigarren hezkuntzako eta batxilergoko gazteek bat egiten dute. Aurten, besteak beste, Mexiko, Turkia, Andorra, Galizia, Katalunia edo Euskal Herriko parte hartzaileak zeuden. Ikasle guztiek beraien ikerketa proiektuak aurkeztu dituzte hiru egunez. Horretarako stand bat zuten eta hura bera beraiek pertsonalizatu dute proiektuari buruzko argibideak ematen dituzte azalpenekin. Standera hurbiltzen ziren bisitariei ikasleek beren ikerketak zabalduz eta ezagutaraziz.
Egonaldiaz
Hiru gazte sakandarrak haiek eraikitako auto berriztagarri prototipo baten berri eman zuten azokan. Hura egiteko ikasle hirukotea arazo erreal batetik abiatu zen: ohiko autoek asko kutsatzen dute eta ibilgailu elektrikoek, berriz, autonomia gutxiegi daukate. Hori kontuan izanik, hiru ikasleei bururatu zitzaien ideia izan zen energia iturri propioa zuen auto autonomo bat eraikitzea. Autoak energia izateko eguzki plakak jarri zizkioten. Han sortutako argindarra bateria batean biltzen du, ibilgailuak autonomia izan dezan. Autoko gurpila bakoitzean motore independiente bat dauka. Xasisa, berriz, 3D inprimagailu batekin egin zuten. Aurreko guztia gutxi ez eta ibilgailuak aurreko aldean eta atzeko aldean sentsoreak ditu. Sentsore horiek autoari eragozten diote oztopoekin talka egitea.
Gazteek autoa telefono aplikazio baten bidez kontrolatzen dute. Proiektua garatzeko hiru ikasleek programazioa eta elektronika landu behar izan dute. Hiru ikasleak protagonista izan badira ere, autoa sortzeko prozesuan hainbat aholkularik proposatutako hobekuntzak ezarri dituzte. Proiektua garatzeko, bidean topatu dituzten arazoei aurre egiteko eta hobekuntzak inplementatzeko ikasleek beraien ekintzailetasuna, erabakitzeko ahalmena eta era kooperatiboan lan egiteko gaitasuna erakutsi behar izan dituzte.
Azokaren babeslea zen Zientziaren Sustapenerako Brasilgo Elkarteak (ABRICek) ematen duen saria eskuratu zuten. Gainera, gazteek bere proiektua azaltzen duen artikulu bat argitara dezakete Scientia Prima zientzia aldizkarian. Hirukoak azokan bertan beste proiektu interesgarriak ezagutzeko aukera izan zuen, eta zientziarekin lotutako hainbat jardueratan parte hartu zuen. Bestalde, epaileen feedbackaz aparte, sortutako auto berriztagarria hobetzeko beste aholkulari eta tutoreen proposamenak jaso zituzten. Gazteek jakinarazi dutenez, proiektua ez dago itxita eta hainbat hobekuntza lerro izan ditzake. Esperientzia oso aberasgarria izan dela adierazi dute.

