Mobilizazioa deitu duten sindikatuek nahi lukete Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) 1.500 eurokoa izatea. Miren Ustarroz Goñi Steilaseko ordezkaria da, Gorka Vierge Ortiz ELAko Sakanako arduraduna eta Gaizka Uharte Balda LABeko Mendialdeko arduraduna.
Zergatik egin du zuen sindikatuak bat grebarako deialdiarekin?
Miren. Steilas hezkuntzako sindikatu bat da eta zuzenean jotzen digu. Hezkuntza komunitateko hezitzaileak, garbitzaileak eta hainbat sektore ez dira langa horretara heltzen. Bestalde, gure ikasleen guraso asko eta asko soldata hori baino gutxiago kobratzen dute. Nafarroan gazteen arteko pobrezia %21ekoa da, eta azken urtean %4,5 hazi da. Bete-betean jotzen digu. Zeren eta ezin dira berdin artatu baliabide nahikoak dituzten haurrak edo baliabide nahikorik ez dituztenak. Esaterako, logopeda bat behar baldin badute eta ezin badute ordaindu. Agian ezin dituzte material guztiak ordaindu. Edo ezin dituzte eskolaz kanpoko jarduerak egin. Eta horrek, benetan, urratu egiten gaitu. Horretaz aparte, aberastasuna banatu beharra dago.
Gorka. Inork ezin du 1.184 eurorekin bizi, are gehiago azken asteetan gertatu denarekin. Hori da GLS minimoa. Bizitzaren kostua igotzen den heinean, gure soldatak ere igo behar dira. GLS 1.500 eurokoa izatea nahi dugu eragin zuzena izan dezan bai langileengan, bai gaizki pasatzen ari diren familiengan. Sakandar asko langabezian geratu dira. Beraz, soldata duinak opatzeko aukerak biderkatu behar dira.
Gaizka. Grebaren aurretik ibilbide oso luze bat dugu. 2020ko greban gure aldarrien artean zegoen LGS propioa izatea. Ordutik bi bide egin ditugu. Ate guztiak itxi zizkiguten eta gure hautua izan da grebara joatea.
Soldata duin bat?
Go. 1.500 eurorekin pobreziaren atalasetik gertu egonen ginateke. Baina bidea izango genuke bizitza autonomo bat izateko. Nonbaitetik hasi behar genuen.
Ga. Erreferente bat. Eztabaida hori hemen ireki behar da, eta hemen erabaki eta negoziatu behar dugu. Gainera, soldata aberastasuna banatzeko modu bat da, zerbitzu publikoak hobetzeko beste modu bat da eta soldatak, azkenean, bizitzaren alde asko ukitzen ditu.
M. Guztion soldatak Kontsumo Prezioen Indizearen azpitik hazten dira. Horrek esan nahi du gutxinaka pobretzen goazela. 1.500 euro dira bizitza duin bat eduki ahal izateko tresna bat.
Egungo Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatak zer ondorio ditu hemen?
Ga. Prekarietatea gaur egun gehien jotzen dituen kolektiboak feminizatuak, migratuak eta gazteak dira. Argi dago gaur egun 1.500 euroko langaren azpitik dauden horiek prekarietatea bortizki jasaten dute. LGS aldatzeak lan hitzarmenetan eragina izango luke, baita prestazioetan ere. LGSren arabera beste hainbat gauza kalkulatzen dira, gutxieneko pentsioak eta abar. Baina horretarako eskumena eskuratu beharko genuke. Guk burujabetzaren aldeko apustua egiten dugu. Euskal Herriak errealitate bat du eta errealitate horri erantzun behar dio LGSk. Euskal Herrian gure lan harremanetarako esparru propioa behar dugu.
Go. Bakarrik fabriketara begiratzea akatsa da. Enpresa handi askotako soldatak hortik gora daude. Baina ikusten ez diren sektoreetan, bereziki emakumeak, langile migratuak, gazteak eta aniztasun funtzionala duten langileak aritzen diren sektoreetan ez dute 1.500 euro kobratzen. GLS 1.500 eurokoa balitz Hego Euskal Herriko 167.000 langilek (74.000 Nafarroan) soldata hobetzeko aukera lukete. Ez hori bakarrik. GLS igotzen denean, soldata guztiak igotzeko presioa ere areagotzen da. Gizarte eraldatzaile eta justuagoa bat nahi baldin badugu hasi beharko ginateke gure oinarriak zaintzen, hau da, oso soldata baxuak dauzkaten pertsonei soldatak igotzea.
M. Estatuak %3 igo du GLS, 1.221 eurora. Horrekin ezin da bizitza duin bat eduki inongo kanpo laguntzarik gabe. Gazte askok familiak sostengatzen dituztelako bizi dira. Bestela ezingo lukete alokairu bat ordaindu edo beraien bizitza autonomoa egin.
Nola finantzatuko litzatekeen bertako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata?
M. Aberastasunaren banaketa orekatuago eta justuago baten bitartez. Bideragarria da, baina borondate politikoa eskatzen du. Erraz onartzen ditugu zorren publifikazioak, bankuenak esaterako, eta zein gutxietsia dugun aberastasunaren banaketa.
Go. Gaur egun enpresa gehienek irabaziak dituzte, marjinak gero eta handiagoak dira. Soldatak igotzeagatik enpresak ez lirateke itxiko. Gainera, soldatak handiagoak badira, langileek kotizazioak handiagoak dira eta Estatuak diru gehiago jasotzen du. Horrekin ere gure ongizatea ere berma daiteke: pentsioak, hezkuntza, osasuna... Ez dago inongo arazorik soldatak igotzeko. Ultraeskuinaren ideiak, indibidualismoa eta ekonomia botereen ideiak zabaltzen ari diren heinean, guk ere jendea politizatu nahi dugu, sinestarazi nahi diogu horrek ez duela kolokan jartzen gure ongizate sistema, bermatu egiten du.
Grebaren aurretik zer pauso eman dituzue bertan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata izateko?
Ga. Bi bide egin genituen. Bata eskumena Nafarroara ekartzeko izan zen: Herri Ekimen Legegilea eta sinadura bilketa (18.000). Baina ez zen onartu parlamentuan. EH Bilduk eta Geroa Baik eraman zuten eztabaida Parlamentura. Bestetik, ELAk eta LABek lanbide arteko hitzarmena lortzeko CCOO, UGT eta patronala bilerara deitu genituen, lan hitzarmenetan gutxieneko 1.500 euroko soldata ezartzeko. Ez ziren agertu. Eztabaida badago. Greba honetako helburua lorgarria da, eta jende askoren bizitza hobetu dezakegu. Garrantzitsua da 17an kalean egotea.
Go. Hego Euskal Herriko Parlamentuetan gure ideia zabaltzen saiatu gara. Ez dugu behar genuen errespetua jaso. Agintean dauden alderdiek ez digute harrera ona egin. EH Bilduk eta Geroa Baik lege proposamen bat aurkeztuz gure aldarrikapenen bozeramaile bihurtu ziren Parlamentuan martxoaren 12an. Behintzat eztabaida sortu zen. Bestalde, hau ariketa kolektibo soberanista bat da. Autogobernuan sakontzeko aukera paregabe hau ezin dugu galdu. Ariketa honek jendearen aurrean zantzu positiboa izan dezake. Azken finean, autogobernua jendearen ongizatea eta jendearen bizitza hobetzeko erabil dezakegu.
M. Gaia jendartean jarri eta eztabaida soziala eragin dugu. Herri Ekimen Legegileko sinadura bilketak lagundu zuen. Nafarroako Parlamentuan eztabaida politikoa egon zen. Hori pauso handi bat da. Bestela ez zen alderdi politikoen agendako lehen puntua egonen.
Estatuko gainerako langileekin ez omen zarete solidarioak.
Ga. Estatuko beste sindikatu batzuekin egon gara. Aztertzen ari dira eskumena beraien lurraldeetarako eskatzea. Kontua da herrialdeetan errealitate eta indar harremana desberdinak daudela.
M. Edozein tokitan lortzen den hobekuntza bat gero besteetan eskatzea eta aldarrikatzea askoz errazago da, norbaitek bidea egin duelako. Beste erkidego batzuekin alderatuta, egoera konplikatua dugu, bizitzaren garestitzea oso altua da hemen. Bestetik, LGS hobetuko balitz, funtzionarioen soldatak hobetu egin litezke, proportzionaltasun indizearen azpi-azpiko soldata LGS da.
Go. Euskal Autonomia Erkidegoan deialdiarekin ez dute bat egin baina UGTk eta CCOOk GLS aldarrikatu dute. Ez da koherentean han baietz eta hemen ezetz esatea. Gu saiatuko gara hemen LGS igotzen eta, noski, Estatuan ez jaisten. Jakina, Estatuko langileek bat egiten baldin badute aldarrikapen horiekin borroka lagun izango ditugu.
Madrilen ere bilerak izan dituzue parlamentuko taldeekin. Zertarako?
Go. Langileen Estatutua aldatzeko Kongresuan bozketa egin behar da. Horregatik, Madrilera jo beharra dago. Han ordezkatuta dauden alderdi guztiei gure edukia eta planteatzen dugun ibilbidea azaldu diegu. Hau ezin da egun batetik bestera egin. Gehiengo batzuk sortu behar dira eta bozketa egin. Egia esan, oso harrera ona izan dugu. Badakitela gai sentsiblea dela, eta era pedagogikoan azalduz gero, mundu guztiak uler dezake betebehar etiko bat dela: gutxien kobratzen dutenei soldata igotzea.
Ga. Eskumenen eztabaida da. Sanchezen inbestidura babestu zuten alderdi guztiekin egon ginen eta inor ez zen kontra azaldu. Eztabaida irekia dago eta, horregatik, da hain garrantzitsua greba hau. Eztabaida irekia dagoen heinean, gai izango garelako hemen gauzak aldatzeko. Dugun panorama irekia dagoela, eztabaida bizia dagoela. Aukera bat dela guztiz bat.
Beste estatuetan LGS deszentralizaturik bada?
M. Amerikako Estatu Batuetan Estatu bakoitzak bere LGS propioa du. Ipar Europan ez dago LGSrik. Lanbide bakoitzak berea ezartzen du, legez.
Go. Alemanian landerretan ere deszentralizatzen da. Suitzako kantoi batzuk bere soldata propioa sortzeko gaitasuna dute. Ez da ezinezkoa.
Beste erakunde batzuek ere greba orokorrera deitu dute martxoaren 17rako. Zer iruditzen zaizue?
Ga. Ongi. Gehitzen den guztia ongietorria. Egun horretan ahalik eta erantzun zabalena ematea da egokiena.
M. Batzen den guzti hori oso interesgarria da. Aldarri interesgarria da, lagundu lezake jendartean dauden desoreka horiek pixka bat berdintzen.
Go. Ederra eta interesgarria da ahalik eta eragile gehien egotea. Guretako borroka lagunak dira. Guztion artean, saiatuko gara fabrikak husten eta kaleak betetzen.
Gutxieneko soldata hori lortuta, Sakanako zein langile kolektibo izanen lirateke onuradunak?
Go. Enpresa handietan kontratatutako enpresa txikiak daude: garbiketa, mantentzea, kimikako sektorearekin harremana dauzkatenak, eraikuntzako sektore batzuetan, etxeetan lan egiten dutenak, erresidentzietako langileak, ostalaritza...
M. Bete-betean zaintza lanetan dabiltzanei, garbitzaileei... Bereziki lan partzial edo lan prekarizatuetan ari direnei. Lan hitzarmen batzuek ez lukete aldaketa handirik pairatuko. Baina hitzarmenen batean LGS oinarrizko soldatatzat hartuta balego, hobekuntzak egon litezke uste baino enpresa gehiagotan.
Ga. Gasolindegietan lanean ari direnak. Zaintza sektoreetan, batez ere, etxez etxe lanean ari direnak. Egurgintza sektorean dauden kategoria batzuk, kategoria baxuenak ziurrenik. Badaude hitzarmenak kategoriaren bat edo izan dezaketenak maila horren azpitik. Gerrarekin prezioak gora egiten ari dira, inflazioa etorriko da. Hurrengo hilabeteetan, ziurrenik, eztabaida izango da soldata eta prezioen garestitzea.
Lortuko balitz, onuradun gehienak emakumezkoak lirateke?
M. Asko, bai. Adineko pertsonekin zaintza lanetan ibiltzen diren pertsona gehien-gehienak emakumeak dira, eta asko arrazializatutakoak. Hezitzaileak, lan hitzarmenik ez dutenak, Estatuko lan hitzarmenarekin lan egiten dutenak, eta hori LGS da. Eta hortik aurrera, ostalaritzako lan asko, zerbitzuetan ere, dendetan. Patroi horiek, asko eta asko emakumezkoak dira.
Ga. Ziurrenik emakumezkoak eta etorkinak lirateke onuradun gehienak.
Go. Emakumezkoak dira prekarietatea gehien pairatzen dutenak. Elkartasun ariketa hau onuragarria izango litzatekeela emakumezko askorendako.
Migratu eta lanean ari direnen egoerari ere eraginen lioke?
Go. Horiek dira prekarietatea gehien pairatzen dutenak, lanposturik eta soldatarik txarrenak dauzkatenak. Bertako GLSrekin orain bizi direnak baino askoz ere hobe leudeke. Horrek emanen liguke aukera sektore horiei ikustarazteko Euskal Herrian gauzak beste era batean egiten direla, hemen ultraeskuinaren eragina ez dela horren zabala, guk guztiondako gizarte on bat nahi dugula... Hauek ere gure bizilagunak dira, lanera etorri dira eta lan eskubide guztien jabe bezala ikusten ditugu.
Ga. Badaude sektore prekarizatuetan lanean ez daudenak. Baina, normalean sektore prekarizatuenetan ari dira, zerbitzuetan, edo ostalaritzako kategoria batzuetan.
Zein beste langile kolektibori eginen lioke on?
M. Gazteek duten egoera hobetzen lagunduko luke. Zeren eta gazte batek 1.200 euro kobratzen baldin baditu, nekez eginen du aurrera, nekez ekinen dio proiektu bati, jakinda hasieran gastu asko egoten direla.
Go. Bertako GLSk aukera emanen luke, behintzat, gazteen lehen soldata hobea izateko. Eta desgaitasun funtzionala daukatenek ere oso soldata eskasa dute. Haien bizi baldintzak ere zaindu behar dira eta zaintzeko, noski, soldatak igo behar dira.
Ga. Gazteen bizi baldintzak hobetzen ere eragin nahi dugu. Nahiz eta gaur egun dagoen inflazioarekin hori baino gehiago beharko den.
Soldata handitzeak etorkizuneko pentsioetan eragina luke, ezta?
Go. Kotizazioak handiagoak balira, eragin zuzena izango luke. Horrek bermatzen du ongizate estatua. Eta ongizate estatuaren oinarri bat pentsioak dira, eta pentsioak kotizazioetatik etortzen dira. Beraz, ezinbestekoa da gai kotizazioak igotzea. Horretarako, jakina, soldatak igo behar dira.
Ga. LGS erreferentzia bat izaten da gainontzeko prestazioak kalkulatzeko beste prestazioak. Gutxieneko pentsioa igoko litzateke. Pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapena da gutxieneko pentsioa eta LGS parekatzea. Hainbat pentsionista, batez ere emakumeak, bizitza osoan lanaldi partzialetan lanean aritu direnak, edo etxean aritu direnak, gaur egun pentsio txikiena kobratzen dutenak, halako erabakiarekin beraien egoera hobetuko litzateke.
M. LGS denean eragiten du, bai.
Greba deialdiak zer erantzun izaten ari da lan zentroetan?
Ga. Greba nahiko sindikala da eta lan zentroetan eztabaida errazagoa da, soldataz ari garelako. 1.500era iristen ez denak argi du iritsi behar dela; hortik pasatzen denak ere argi du eztabaida hurrengo hilabeteetan soldata izanen dela... Pixkanaka batzarrak egiten ari dira lantegietan. Enpresa handien enpresa batzordeak atxikimendua eman dute. Enpresa txiki asko daude eta aldez aurretik zer erantzun izanen den jakitea zaila da. Baina mobilizazio masiboa izatea espero dugu.
Go. Hasieran greba abiaraztea edo ulertaraztea kosta zitzaigun. Asanblada asko egin ditugu lantokietan, gure mezua toki guztietara zabaltzen saiatu gara. Jendearen erantzuna ona izan da. Gero ikusiko dugu.
M. Ikastetxeetan nahikoa positiboa. Egin ditugun batzarretara jende dezente hurbildu da, eta jende asko oso ados dago egiten diren aldarriekin. Sentsazio onak dauzkagu.
Eta kalean?
Go. Badakigu mobilizazio potenteak egonen direla greba egunean Sakanan eta Iruñean.
M. Denetik entzun dut. Batzuk oraindik ez dira erabat enteratu zer aldarrikatzen dugun. Zerbait entzun dute hedabideetan, baina ez diote gaiari pixka bat gogotsu hartu. Jendeak, askotan, bizirautearekin nahikoa izaten du. Eta pixka bat hitz egin eta gero, jendeak egoera ulertzen du. Ondoren norberak zer eginen duen beste kontu bat da, eta askatasun osoz erabakiko du norbanakoak zer egin egun horretan.
Ga. Pixkanaka igotzen joan da. Kosta egin zaigu. Ikusten da greba datorrela. Sakanan greba batzordeak osatu dira Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun. Bermatu da lanketa bat beste herri guztietan. Egia ere bada trenaren aldeko mobilizazio dugula larunbat honetan, jendea Korrika batzordeetan dabilela... Martxoan agenda izugarria dago. Kalean hainbat gauzen giroa badago, ea guztia ongi ateratzen den.
Zertarako balio beharko luke greba orokorrak?
Ga. Patioa astintzeko. Sinadurekin lortu dugun indar hori kalera ateratzeko. Hurrengo hilabeteetan lortu beharko genuke Hego Euskal Herrian 1.500 euroko soldata lan hitzarmen guztietan presente egotea. Grebara deitzen dugun sindikatuek ardura bat dugu: hurrengo lan hitzarmen sektorialetan akordioetara iristen bagara, 1.500eko soldata minimo hori bermatua egon beharko du. Patronalak hori jakin behar du. Beste gauza bat da eskumenak hartzea. Hori zailagoa da, beste faktore batzuk sartzen dira.
Go. Borrokatzen baldin badugu irabazteko aukera dugu, eta gure bizitza hobetzeko aukera dugu. Eskubide guztiak lortu izan ditugu mobilizazioen eta greben bitartez. Ultraeskuinaren proposamen "miragarri" horiekin ez goaz inora.
M. Lehenik eta behin kontzientzia hartzeko jende asko bizi baldintza oso zailetan dagoela. Kontzientzia soziala eta elkartasuna bideratu beharko genituzke jendarte positibo eta sanoxeago bat lortzeko. Maila sozialean eragin nahi dugu, orokorrean eta gero norberak hartzen dituen erabaki horietan ere, pixka bat diskurtso hori politizatu eta positiboan eraikiarazi nahiko genuke.


