Pilota kluben eta palisten aspaldiko eskaera zen nesken larruzko paleta txapelketak antolatzearena. Nafarroako Euskal Pilota Federazioak aintzat hartu, eta lehenengoz Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Nesken Larruzko Paleta Txapelketa antolatu zuen, erantzun bikaina izan duena. Beraz, nesken larruzko paleta ofiziala bilakatu da. Etxarri Aranazko Gure Pilota, Auñamendi Pilota Elkartea, Duar, Oberena eta Club de Tenis de Pamplona klubetako palistek parte hartu dute txapelketan, guztira hamazazpi bikotek.
Martxoaren 6an txapelketako finalak jokatu ziren Lakuntzako Behar Zana pilotalekuan. Beste behin, Gure Pilotako palista sakandarren lana agerian geratu zen; jokatutako lau finaletatik hirutan izan zituzten ordezkariak, eta ordezkari sakandarrek kadete mailako txapela lortu zuten. Finalistek larruzko paleta pilota goma bezain gustukoa dutela agerian geratu zen.
Mendiburu-Garmendia
Kimuen mailan, Sanchez-Goikoetxeak (Gure Pilota) eta Goyenaga-Urrizak (Oberena) lehia oso estua izan zuten. Azken tantoak Oberenakoei eman zien txapela, 29-30. Infantilen mailako finala ere oso estua izan zen. Urbasun-Mencosek (Oberena) 30-28 hartu zituzten mendean Sasiain-Baqueriza (Gure Pilota).
Kadeteetako txapela etxean geratuko zela jakina zen, bi finalistak Gure Pilotakoak baitziren, baina nork jantziko zuen zegoen jokoan. Lehia borrokatuan Mendiburu-Garmendiak 30-25 irabazi zieten Campos-San Martin taldekideei.
Azkenik, junior mailako finalean Auñamendiko Pedroarena-Zabalzak alde handiz jantzi zuten txapela, Oberenako Arrosagarai-Nuini bi jokotan irabazi eta gero (15-5 eta 15-6). Sari ematean Nafarroako Pilota Federazioko presidente Andrea Lusarreta eta Gure Pilotako Miguel Angel Aristorena izan ziren.