Gaurko egunez, duela 40 urte, egin zen erreferendumean Hego Euskal Herriak ezetz esan zion NATOn sartzeari. Hori dela eta, hainbat erakundek bat egin dute eta NATO ez! Gora Euskal Herria internazionalista eta antiinperialista! lelopean manifestazioa deitu dute. Deitzaileek gogorarazi dute orduko hartan "argi" egin ziola uko Hego Euskal Herriak "erakunde kriminalari". Urteurrena aitzakiatzat hartuta, borroka antiinperialista mahai gainean jarri nahi dute, hain justu "inperialismoa bere hegemoniari eusteko eta hedatzeko" borrokan dagoen garaian, eta mundu mailako zein Euskal Herriko bere aliatuak seinalatu dituzte. Eta horren eraginak, ohiko legez, langile klaseak pairatzen dituela azaldu dute.
Deitzaileek salatu dutenez, "NATO da kapitalismoaren eta inperialismoaren bermeetako bat", eta kapitalismoak, indarra hartzeko bidean, "suntsitzea, gerra" behar da. Hori horrela, gogora ekarri dituzte NATOk egindako kanpo interbentzioak: hala nola, "NATOren eraso inperialista Errusiaren aurka", Txinaren aurkako "jazarpen ekonomiko eta militarra", entitate sionistarekiko lankidetza, edota Venezuelako eta Kolonbiako esku hartze "mehatxuak".
Adierazi dutenez, "NATOk eusteko zenbait aldaketa egin ditu, eragileek azaldu dutenez: industria militarrari hauspoa eman nahi dio, gero eta diru gehiago eskatzen die estatu kideei NATO finantzatzeko, mugak are gehiago militarizatu dituzte". Horrek "eremu ideologikoan eragina" duela salatu dute deitzaileek, joera autoritarioen goraldia adibide gisa jarriz.
Euskal Herrian
Deitzaileen nabarmendu dutenez, "Euskal burgesia zuzenki lerrokatuta dago Estatu espainoleko, frantseseko eta Europar Batasuneko burgesien interesekin; industria militarra sustatzeko apustua egin dute, baita energia eta nekazaritza makroproiektuak egitekoa ere". Gaineratu dutenez, "gerra inperialistan oinarritutako eredu eta garapen ekonomikoa" ari direla ezartzen. Euskal Herrian armagintzan ari diren edo Palestinako genozidioan konplize diren hainbat bat enpresa daudela gaztigatu zuten.
Testuinguru horretan "langile klasea kaltetua da. Bizi baldintzak okertzen zaizkien bitartean, lan indarra etengabe debaluatzen ari baita, eta oinarrizko beharrak lortzea gero eta zailagoa dela diote, etxebizitzaren auzia kasu". Gaineratu dutenez, errepresioa ere areagotzen ari da. "Eta lan horretan guztian rol garrantzitsua du sozialdemokraziak, materialki ezinezkoak diren promesak egiteaz arduratzen baitira otzan jarrai dezagun eta borrokak bare daitezen". Guztiagatik Iruñeko Baluarteko plazatik martxoaren 14an, larunbatean, 12:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu dute.
Deitzaileak
Askapena, Bardenas Ya, Bultza EHm-l, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarea, Euskal Herria Bizirik, Indar Nafarroa, Jardun, OTAN Ez Plataforma eta Zabaldi plataformek.