Pilota

Tanto bakarrarengatik, eta polemika tarteko, Elordi eta Zabaleta finaletik kanpo

Guaixe 2026ko martxoaren 16a

Laso-Albisu, pozarren, eta Zabaleta, penatuta. EITB

Zabaleta eta Elordi ez dira Binakako Pilota Txapelketako finalean izango, finalerdi ikaragarrian Lasoren eta Albisuren kontra 21-22 galdu eta gero. Laso 21-20an aldageletara joan zen, Elordiren ustez “epaileen baimenik gabe, eta horrek santzioa du”

2026ko Binakako Txapelketak emozioa izan du bukaerara arte. Altuna eta Ezkurdiaren kontra finala nork jokatuko zuen zegoen jokoan martxoaren 15ean Logroñoko Adarragan. Elordi-Zabaleta, batetik, eta Laso-Albisu, bestetik, lehia ikaragarria izango zela aurreikusten zen. Eta hala izan zen. 

Bi bikoteen parekotasuna izan zen nabarmenena. Elordi-Zabaleta aurreratu ziren hasieran, 3-0, baina partida berehala parekatu zen eta hala jarraitu zuen bukaerara arte. Tanto luze eta gogorrak izan ziren protagonista, eta tentsio handia izan zen. Lau pilotariek maila aparta erakutsi zuten. Laso zuloak bilatzen saiatu zen, baina Elordiren eta Zabaletaren defentsa ikaragarria izan zen. Lehen zatian Elordi finagoa aritu zen erremateetan eta gorriek tarte txikiak ireki zituzten: 3-0, 9-5... baina ez zuten partida apurtzea lortu, urdinen erantzuna berehala baitzetorren. 14Ko berdinketaren ondoren Albisuk hiru akats egin zituen eta Elordi eta Zabaleta 18-15 jarri ziren aurretik. Lasok bi gantxo sartu eta 18ra berdindu zen dema. 

Albisu ez zegoen bere onean, eta Elordi-Zabaleta 21-17 aurreratu ziren, Elordik txokoan eta Zabaletak atzean egindako bi tanto ederrei esker. Bazirudien finala eskura zutela, baina Zabaletak txapa azpira bidalitako pilota batek sakea urdinei eman zien eta Lasok hartu zuen urdinen ardura. 21-20an tantoa txokoan amaitu zuen, eta 21era berdindu zuen gantxo ederrarekin. Finala balio zuen azken tantoan Zabaletaren dejadak zabalera alde egin zion eta Laso-Albisuk jokatuko dute finala. 

Polemikarekin, eta haserre
Markagailua 21-20 zela, Laso aldageletara joan zen, eta epaileetako bat atzetik joan zen korrika, berarei baimenik eskatu ez ziolako eta horrek tanto bateko zigorra zekarrelako. Lasok esan zuen baimena beste epaileari eskatu ziola, baina Elordik amaieren Euskadi Irratian oso haserre salatu zuenez, “hori ez zen horrela izan”. “Oso haserre nago. Unai aldageletara baimena eskatu gabe joan da. Badakit epaile batendako egoera gogorra dela, baina araudiak jasotzen duena egin behar da. Kantxara sartu denean, epaileek esan didate baimena eskatu duela. Gezurra esan dute, ez dute asmatu, eta erabakigarria izan da”. 

Araudiak jasotzen duenez, pilotariek ezingo dute kantxa utzi aurretik zehaztutako atsedenaldietan izan ezik (12. eta 18. tartean). Pilotariek asistentzia behar izanez gero, medikuak eskatu behar die epaileei aldageletara joateko baimena. Araudia betetzen ez bada, markagailutik tanto bat kenduko zaio akatsa egin duenari eta sakea arerioei eman. Epaile nagusiak hartu behar du erabakia. 

Albisuk azaldu zuenez, “Unaik masajistari abisatu zion, eta gero epaileari. Ni ez naiz konturatu”. “Batari eskatu diot, eta ez besteari. Horregatik haserretu da epailea” gaineratu zuen Lasok. 

Dario-Ezkurdia, ikaragarri
Martxoaren 14an Altuna ordezkatu zuen Dariok eta Ezkurdiak Jaka eta Iztueta izan zituzten aurkari Donostiako Atano III.ean. Ez zegoen ezer jokoan, baina Ezkurdiak finalera sentsazio hoberenekin iritsi nahi du, eta Dario ikusgarri batekin, dena eman zuen. Jakaren eta Iztuetaren gainetik pasa ziren, 7-22, garaipen erosoa lortuta.