Bi sakandar torturaren biktima direla aitortu du gobernuak

Guaixe 2026ko martxoaren 18a

Tortura saltzeko Altsasun egindako murala. ARTXIBOA

16/2019 Foru Legearen babesean ofizialki aitortuak izan dira. Dagoeneko hemezortzi sakandarrek jaso dute aitortza.

Nafarroako Gobernuaren Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak zortzi pertsonak torturak jasateagatik aitortu ditu. Foru administrazioak aitortza ofiziala egiterakoan adierazi duenez, "giza eskubideen urraketen biktima" izan dira zortzi pertsona horiek. Haien artean bi sakandar daude. Batetik, Victoriano Lopez de Goikoetxea Bengoetxea olaztiarra, Guardia Civilak torturatua 1981ean eta 1984an. Bestea Ramon Lopez Cid altsasuarra da, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2003an.

Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikako kideek adierazi dutenez, "ebazpen horiek pauso garrantzitsua dira estatu indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko". Gaineratu dutenez, "argi adierazi nahi dugu Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu".

Nafarroan dagoeneko 122 pertsona dira orain arte Foru Lege horren esparruan indarkeria politikoaren biktima gisa aitortutako pertsonak. Dinamikako kideek "Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza eskaerak aurkeztera animatzen jarraitu nahi dugu, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest gaudela berretsi nahi dugu".

Orain arteko aitortzak

Hildakoa 
Mikel Arregi Marin lakuntzarra. Guardia civilek tirokatua 1979an. 

Erasoak 
Josu Imaz Prim altsasuarra. Bonba paketea jaso zuen 1981ean eta autoan bonba jarri zioten 1983an. 

Tortura aitortzak
Mikeldi Diaz Aldama altsasuarra. Espainiako policia nacionalek torturatu zuten 2005ean. 

Joxe Aldasoro Jauregi etxarriarra. Guardia civilek torturatu zuten 2010ean. 

Florentino Beraza Gastesi irintarra. Espainiako policia nacionalek eta guardia civilek torturatu zuten 1981ean.

Santi Agirre Galartza iturmendiarra. Espainiako policia nacionalek bitan torturatu zuten 1980an. Guardia civilek torturatu zuten 1980an eta 1981ean. 

Juanjo Agirre Galartza iturmendiarra. Espainiako policia nacionalek bitan torturatu zuten 1980an. Guardia civilek torturatu zuten 1980an eta 1981ean. 

Manuel Azkagorta Agirre olaztiarra. Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1981ean eta 1984an.

Iban Verdugo Markotegi etxarriarra. Guardia civilek torturatua 1997an.

Xabier Flores Bengoetxea. Espainiako policia nacionalek torturatua 2005ean.

Polentzi Goikoetxea Barandiaran altsasuarra. Guardia civilek eta Brigada Politiko Sozialak tortutaratua 1980an. 

Jon Patxi Arratibel Garziandia etxarriarra. Guardia Civilak torturatua 1997an eta 2011n. 

Purificacion Galarza Ochoa lakuntzarra. Guardia civilek torturatu zuten 1979an. 

Carlos Turumbay Andueza lakuntzarra. Identifikatu gabeko gorpuek bahitu eta torturatu zuten 1979an. 

Avelino Gonzalez Fernandez altsasuarra, Guardia Civilak torturatua 1983an. 

Josu Rubio Mendiluze altsasuarra, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1984an.