24. Korrika

Atharratze prest da Korrikari hasiera emateko

Guaixe 2026ko martxoaren 16a

Lehen eguneko egitarauaren aurkezpeneko protagonistak. AEK

Korrika, 'Euskara gara' lelopean, Atharratzen hasiko da martxoaren 19an, ostegunean, 15:30ean. Goizetik egitaraua antolatu du AEKk. 

Berrogei urteren ondoren, Atharratzek atzera ere Korrikaren hasiera hartuko du. Hori dela eta, egun osoko festa prestatu dute AEKideek eta Basaburuko herritarrek 24. Korrikari hasiera emateko. Ohi bezala, mezua lekuko barruan sartu ondoren abiatuko da euskararen aldeko lasterketa. Aurreneko kilometroko lekuko hartzea Euskal Irratiek eginen dute. Haiek, AEKren gisara, 90. hamarkadatik egiten dute lan euskararen alde, eta ezinbesteko tresna dira egunerokotasunean, Iparraldean euskaraz bizi den edonorendako. Ondoren, Korrikak Nafarroa Beherean barrena segitzen duen bitartean, bestak Maulen segituko du.

Xiberoak protagonismo osoa ukanen du ostegunean, AEKko gau eskolek, herriko eragileek eta Basabürüko laguntzaile guztiei esker. Hainbat hilabetez lanean ari izan ondotik eta auzolan erraldoi bati esker, martxoaren 19an Atharratze prest izanen da 24. Korrikara joanen diren herritar guziei
behar bezalako harrera egiteko. Bertan, herriko euskaldun eta euskaltzale guztiek topo egiteko aukera ezin hobea izanen da, euskararen aldeko besta ederrean.

Basabürüan, euskararen egoera larria den arren, 24. Korrikak erakutsiko du bertan euskararen transmisioa eta erabilpena ez direla eten, euskaraz bizitzeko nahia badela. Espero dugu euskararen aldeko besta erraldoia helduen aktibazio linguistikorako tresna izanen dela.

Informazio praktikoa
Atharratzera joateko, hainbat posibilitate izanen dira. Hala, autobus lineak Euskal Herri osotik, Pausu, Baiona eta Uztaritzetik. Bestetik, autoa aparkatzeko lekuak izanen dira, bai eta furgonetak gelditzeko toki berezi bat ere, bezperatik etorri nahi dutenendako.

AEKko arduradunek Atharratzera joanen direnei eskaera bat egin diete: Korrika abiatu ondoren, jendea Atharratzen geldi dadila 17:30era arte, hau da, Korrika Maulera iritsi arte. Izan ere, bide bakarra dago eta lasterkariak babestea ezinbestekoa baita.

Egitaraua

Atharratzen

Herriko Plaza
10:00 Korrika ttipi.
13:00 Etxeparanga.
15:00 Ekitaldi Nazionala.
15:30 Korrikaren abiatzea.
15:45 Kuxkuxtu txaranga.
*edariak, txarteldegia, komunak, jantzi salmenta.

Pilota plaza, Puntu.eus Gunea
11:00 Tor Magoa.
11:00-14:30 Haurren txokoa.
12:00 Bilabal.
14:00 Xabier eta Jenofa, antzerki ibiltaria.
Etxepare lizeoko ikasleen animazioak eta puzgarriak

Merkatu estalia 
12:00-14:00 Bazkaria Leinztarren Biltzarrak alaiturik.
*edariak, txarteldegia, komunak, janaria.

Prefosta
11:30 Xabier eta Jenofa, antzerki ibiltaria.
12:00 Baigorriko erraldoi eta gaiteroak.
*pundu morea.

Artetxe 
10:00–13:00 Lasterka soinu erakusketa.

15:00 24. Korrikaren hasiera ekitaldia, Herriko plazako oholtzan. 
15:30 Korrika abiaraztea. 

Maulen

Merkatu estalia
18:00 Utxaranga.
19:30 Kuartz.
20:30 Utxaranga.
22:00 Frigo.
23:30 Huskeria Sistema.
*edariak, txarteldegia, komunak, janaria.