Nafarroako Odolemaileen Elkarteak, Adonak, bizitzan zehar 50, 10 eta 150 odol emate egin dituzten pertsonak omendu zituen igandean, martxoaren 15ean. Iruñeko Baluarten egindako ekitaldian guztira 226 odolemaile omendu zituzten, 169 50 emate egiteagatik, 43 100 emategatik eta 15 150 odol ematera iristeagatik.
Omenduen artean bederatzi sakandar zeuden. Gabriel Sagardia Etxarte irurtzundarrak odola 150 alditan emateagatik jaso zuen aitortza. Ehun alditan odola emateagatik hiru sakandarrek jaso zuten aitortza Jose Carlos Osinaga Lakuntza irurtzundarra, Juantxo Gaya Andueza lakuntzarra eta Juan Antonio Igoa Mundiñano bakaikuarra. Azkenik, boskote batek 50 alditan odola emateagatik jaso zuen aitortza: Benita Huizi Loiarte irurtzundarra, Ines Etxabarri Cerdan ubertearra, Xabier Jauregi Quintana etxarriarra, Dolores Urkijo Lopez de Sabando etxarriarra eta Paqui Abad Iriarte altsasuarra.
Esanak
Adonako presidente Juan Antonio Castro Morazak emaileen konpromisoa aitortu zuen. Guztien odol emateak "eskuzabaltasunaren erakusgarri neurrigabea" zirela adierazi zuen. Nabarmendu zuenez, odolemaileak "gizartea bizirik mantentzen duen bihotz isilaren zati bat osatzen dute. Izan ere, gizartea zaindu egiten da, besteengan aitortzen da eta ulertzen du inor ez dagoela bakarrik". Castrok odola ematen dutenen inplikazioa eskertu zuen: "odola emateko ekintza hori ez da keinu altruista bat bakarrik, ezagutzen ez dugun baina gure barruan daramaguna behar duen norbaiti luzatutako eskua baizik". Era berean, Adonako presidenteak gogorarazi zuen elkarteak 69 urte bete dituela "elkartasuna ez dela ideia abstraktua, eguneroko erabakia baizik". Nabarmendu zuenez, denbora horretan "ospitaleei eusten dien sare ikusezin bat ehundu dugu, bizitzarekin konprometitutako pertsonez osatua". Gaineratu zuenez, "odola ez da egiten eta ez da lortzen botoi bat sakatuz: ematea erabakitzen duenaren bihotzetik bakarrik jaiotzen da".
Era berean, Castrok ONCE Gizarte Taldeak Adonaren ibilbidea aitortzeko 2025ean emandako saria partekatu zuen bertaratutakoekin. Sari hori emaile guztiena dela adierazi zuen. Bestetik, azpimarratu zuen joan zen urtean gainditu zela aferesi bidez 5.000 emate lortzeko helburua, eta modalitate hori funtsezkoa dela tratamendu askotarako. "Zuen laguntzarekin, beharrezkoa den dohaintza mota horretan aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu", gaineratu zuen.
Presidenteak emaile diren gazteen papera ere nabarmendu zuen, eta kate solidario horretan sartzera animatu zituen. "Lehen dohaintza bakoitza aurkikuntza bat da: gure gorputza ez da soilik biologia, elkartasunerako tresna ere bada", adierazi zuen.
Kontseilariaren esanak
Behin intsigniak entregatuta, Fernando Dominguez Osasun kontseilariak nabarmendu du Nafarroak historikoki mantentzen duela odolaren autohornikuntza, "emaile kopuru handi bati esker, eta, gainera, oso eskuzabalak". Emaileek egindako emate kopurua "oso garrantzitsua" dela esan zuen. Kontseilariak bi arrazoirengatik poza adierazi zuen: aferesi bidezko odol emateen kopuruak gora egin zuelako eta hezur muineko emaile gisa izena eman zutenen kopuruagatik ere.
Emaile berri gehienen gaztetasuna "belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko itxaropentsua" dela esan zuen. Dominguezek aipatu zuenez, Adonak sentsibilizazioarekin eta gazteendako programak eta tailerrak sortzearekin zerikusia duten gaietarako egiten duen lanak garrantzi berezia izaten jarraitzen duela. "Nolabait ere, ekintza horien bidez lur honen espiritu solidarioa gogorarazten da, izan ere, urte batzuk barru, emaileen %40 inguruk 65 urte baino gehiago izango ditu, eta, beraz, beharrezkoa da emaileen basea gaztetzea odolaren autohornikuntza mantentzeko".
2025eko Nafarroako datuak
19.622 odol emate.
5.500 baino gehiago aferesi emate.
332 hezur-muineko emaile gisa izena eman zuten.
18 eta 29 urte artean dute emaile berrien %53k.