Atzera bota dute Forestaliaren proiektua

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko martxoaren 25a

Plataformako kideek berria ospatu zuten. UTZITAKOA

Enpresari konexioa egiteko baimena lortzeko epea bukatu zaio. Autopista Elektrikorik Ez plataformaren iritziz “urtetako lan kolektiboaren emaitza da” proiektua bertan gelditzea. Egitasmoaren kontra egin zuen Nafarroako Gobernuak ere poza adierazi du proiektua bertan behera gelditzeagatik.

Aragoin sortutako argindarra Nafarroan barna Euskal Autonomia Erkidegora eramateko proiektuak aurkeztu zituen Forestalia enpresa pribatuak. 400 kilovatioko bi linea Sakana zeharkatzea aurreikusten zuten, bat Gasteizen bukatzeko, bestea Gatikan. Baina aurrena, Kyoko proiektua, ez da eginen. Enpresak argindar linearen sarbide eta konexio baimenak tramitatu beharra zuen estatuko elektrizitate sarea kudeatzen duen Red Electrica Españolan, eta zehaztutako epean ez du egin, beraz, baimena iraungi zaio. Horren berri emanez ebazpena eman du Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiak, Ekologia Trantsiziorako eta Demografia Erronkarako Ministerioaren menpeko den erakundeak.  

Autopista Elektrikorik Ez plataformaren izenean Maria Saez de Albeniz Bregaña Etxarri Aranazko alkateak esan zuenez, "ebazpen hori ez zatekeen posible izango alegazio eta errekurtsoak aurkeztu ez bagenitu". Lan horren ondorioz, "Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egin zen eta Forestaliari Eraikuntza Baimena lortzeko proiektuan sartu beharreko baldintza batzuk ezarri zitzaizkion. Ez du horrelakorik egin". Plataformako Alberto Frias Gilen iritziz, "enpresak gora jotzeko errekurtsoa jartzeak, gure ustez, ibilbide laburra du".

Gatikarekin lotura egin behar zuen Tebe-Ume proiektua ere hizpide izan zuen Friasek: Kyoko proiektuarekin batera tramitatu zen hori ere. Eta zaila izanen da hura ere egitea. Izan ere, Gatikako azpiestaziorako sarbidea 2021eko martxoaren 22koa da. Beraz, baimena ere iraungita egongo litzateke 2025eko apiriletik".

Balorazioa 
Saez de Albenizek gogorarazi zuenez, "plataformarendako Forestaliaren proiektuak ilegalak, arrazoiaren kontrakoak eta onartezinak ziren". Urte luzetan egindako lan kolektiboagatik zoriondu egin zituen plataforma osatzen duten pertsona, udal eta kontzejuak".  Alkateak azaldu zuenez, "lan tekniko eta juridikoaren argudio sendotasunari, 31 udal, mila hautetsi eta herritarren mobilizazioaren gaitzespena gehitu zaio, gure herrien etorkizunarekiko eta bertan duintasunez bizitzeko eskubidearen aldeko konpromisoaren erakusgarri". Adierazi zuenez, "lan horren nortasun ezaugarriak izan dira erabakiak hartzeko horizontaltasuna, bitarteko eta helburuekiko batasuna eta kaltetutako eskualdeen arteko elkartasuna". Hala ere, plataforma ez da deseginen, REEren goi tentsioko proiektua hobetu nahi baitute. 

Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan ere pozik daude proiektua bertan behera gelditu delako. Forestaliaren egitasmoen kontrako txostenak eman zituen 2020an eta 2021ean. Ministerioak enpresaren aldeko ingurumen inpaktu adierazpenak eman zituen eta, horregatik, departamentuak Estatuaren ebazpen horien kontrako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu zuen 2024ko apirilean. Ebazpen horien prozedurari eta mamiari buruzko errekurtsoak dira Nafarroako Gobernuak aurkeztutakoak. 

Forestalia ikerketapean
Friasek nabarmendu zuen "izapidetzean irregulartasun ugari" izan zirela. "Orain Forestalia enpresari buruz egiten ari diren ikerketek berresten dituzte. Ikerketa horietan, presidentea ez ezik, enpresaburuak, politikariak eta langile publikoak ere sartu dituzte. Haien proiektuek ingurumen oniritzia jasotzeko administrazio irregulartasunak egin izana" leporatzen dietela azaldu zuen. "Ikerketen arabera, garai hartan Mitecoko Ebaluazioko zuzendariorde nagusia zena ingurumen inpaktuaren adierazpen kaltegarriak aldatzera iritsi zen, aldeko bihurtzeko. Azeria oiloak zaintzen" zegoela azaldu plataformako kideak. 

Bestalde, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuan poza adierazi dute Ministerioak barne auditoria eskatu duelako. Barne ikerketa horrek Forestalia enpresak tramitatutako proiektuei erreparatuko die. Azkenik, ministerioari eskatu dio "enpresa horren makroproiektuaren kontra egitera bulkatu gintuzten ingurumen arrazoiak aintzat hartzea".