Atzera ere Irañeta eta Uharte arteko argindar linea berritzeko baimena eman dute

Guaixe 2026ko martxoaren 24a

Argindar euskarria txipudiaren erdian. ARTXIBOA

Aurretik emandako baimena iraungi ondoren berria eman du foru administrazioak. Mantentze lanak izanen dira. Lineari eusten dioten posteak gutxiago izanen dira lanak despeditzean.

I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU enpresak Irañeta eta Uharte Arakil arteko argindar linean berritzeko baimena eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Foru administrazioaren baiezkoa jaso zuen eta lanak bi urtetan egiteko epea eman zion. Denbora tarte horretan lanak egin ez zituenez, enpresak atzera ere baimena eskaera egin du. Eta Nafarroako Gobernuak proiektua egiteko oniritzia eman du. Enpresak hiru urteko epea izanen ditu lanak egiteko. 

Proiektua Altsasu-Urdiain 1 izeneko zirkuitu bakarreko 30 kV-eko aireko lineari eragiten dio, zehazki Irañeta eta Uharte Arakil arteko tarteari. Lau lan aurreikusi dituzte. Batetik, 1.048 metroko luzerako erdi tentsioko aireko linea berria instalatuko da 1.322. eta 1339. euskarrien artean, fase bakoitzeko eroale bat (47-AL1/8ST1A) duen zirkuitu batek osatua. Bestetik, 84 metroko luzerako erdi tentsioko aireko linea berria instalatuko da 1.103. eta 1105. euskarrien artean, fase bakoitzeko bi eroale (47-AL1/8ST1A) dituen zirkuitu batek osatua. Lan horietaz aparte, hormigoi bridatuko hamabost euskarri kendu (1104., 1325., 1326., 1327., 1328., 1329., 1330., 1331., 1332., 1333., 1334., 1335., 1336., 1337. eta 1338) eta saretazko bederatzi euskarri jarriko dituzte. Azkenik, LA-56 eroaledun aireko linearen 1.132 metro desmuntatuko dituzte, 1322 eta 1339 euskarrien artean eta 1103 eta 1104 euskarrien artean.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren martxoaren 17ko zenbakian proiektuari buruzko dokumentazioa argitaratu zen eta jakinarazi zen ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda. Lan horiek egiteko zortzi lursail ikutuko dituzte, hiru Irañetan eta bost Uharte Arakilen. Haietan bederatzi euskarri berriak jarriko dituzte. Espedientea jendaurrean jarriko da.