24. Korrika

Euskaltzaleak Korrikan parte hartzera deitu ditu Kontseiluak

Guaixe 2026ko martxoaren 19a

Euskalgintzaren Kontseiluko kideek Korrikan parte hartzeko deia egin dute. UTZITAKOA

Euskal Herria zeharkatuko duen herri ekimen erraldoiak, 24. Korrikak, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubide unibertsala aldarrikatuko du. 

Euskalgintzaren Kontseiluak Korrikan parte hartzera deitu ditu "euskararen normalizazioan eta biziberritzean sinesten duten herritar guztiak". Kontseiluko kideek azaldu dutenez, "Korrika ez da alferrik iritsi gaur arte. Milaka euskaltzaleren bultzadari esker eta oztopo guztien gainetik, AEKk lortu du hamaika egunez euskara erdigunera ekartzea, eta gizarteko gehiengo zabala euskararen normalizazioaren alde dagoela erakustea".

Hala ere, Kontseiluko kideen iritziz, "euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan gauden honetan, ez da aski euskararen alde egotea; ezinbestekoa da euskararen alde egitea". Zehaztu dutenez, "erabilera normalerako baldintzen eta ezagutzaren unibertsalizazioaren alde eragin behar da. Euskararen eta hizkuntza eskubideen kontrako oldarraldi antolatuaren aurrean, normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko posizio eta jokabideak bultzatu behar dira". Azken finean, "pausoak eman, konpromisoak hartu, antolatzeko" deia egin dute Kontseilukoek.

Deialdia 
Kontseilutik euskal jendarteari eskatu diote jabetu dadila "euskara minorizatutako hizkuntza" dela, "eta euskaldunak minorizatutako hiztunak. Egin dezagun euskaraz bizitzeko hautua, bizitzako eremu guztietan". Euskara ez dakitenei hizkuntza ikasteko pausoa emateko eskatu diete, "eta eman diezaiegu euskara gure ondorengoei". Kontseiluko kideek gaineratu dutenez, "ez ditzagun normalizatu hizkuntza eskubideen urraketak; ozen salatu ditzagun". Aldi berean, eskaera luzatu dute: "partekatu dezagun ingurukoekin euskararen etorkizunak sortzen digun kezka, eta ekar dezagun euskararen auzia gure lehentasun sozial eta politikoetara". Horrekin batera, "euskaltzale gisa antolatzeko" deialdia egin dute: lagunartean, lantokian, sare sozialetan, kirol eta kultur elkarteetan, bai eta euskalgintzak eskaintzen dizkigun erakundeetan".

Laburbilduz, Kontseilukoek jendarteari eskatu diote "bulkatzeko euskararen aldeko erabaki, ekimen eta jarrerak gure bizimoduko eremu bakoitzean. Izan gaitezen euskararen aktibistak. Euskararen alde hartzen ez diren erabakiek minorizazioa indartzen baitute". Aurtengo Korrikaren Euskara gara leloa kontuan izanik, "izan gaitezen, gutako bakoitza, euskarak behar duen Pizkundearen txinparta". Izan ere, "euskaltzaleok egin ezean, ez baitu beste inork egingo".