ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek greba orokorrera deitu zuten maiatzaren 17an. Ondoren balorazioak bost sindikatuetako ordezkariek azpimarratu zutenez, "greba orokorra indar erakustaldia izan da Nafarroako langile klasearendako. Grebaren bidez Nafarroako gizarteak irmotasunez defendatu du gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena. Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geldituko helburua lortu arte".
Greba deitu zuten bost sindikatuek gogora ekarri zuten duela urte bat baino gehiago sortu zela herrialdearen errealitatearekin bat datorren Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS) baten aldeko dinamika". Horretarako hiru arrazoi daudela nabarmendu zuten. Batetik, "Estatuko LGSa ez da nahikoa elikagaien, elektrizitatearen eta etxebizitzaren prezioei aurre egiteko". Bestetik, "gutxieneko soldata igotzea soldata arrakala matxista eta arrazista murrizteko neurria" dela nabarmendu zuten. Eta, azkenik, "soldaten gainbeheraren, industriako enpleguaren suntsiketaren kontra egin eta etekin errekorrak lortzen ari den patronalaren aurrean irmo jokatu behar da".
Deiak
Bost sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, "gutxieneko soldata propioa beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria den neurria da. Patronalak, UGTk, CCOOk eta Nafarroako Gobernuak gure ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixteko ados jarri ziren: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, martxoaren 17ko greba orokorrari esker bi bideak berriro ireki dira", nabarmendu zuten. Jakinarazi zutenez, CEN patronala eta UGT eta CCOO sindikatuak martxoaren 25ean negoziazio mahaia osatzera deitu dituzte, 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko helburuarekin.
Arlo instituzionalari dagokionez, greba deitu zuen boskotearen iritziz, "Nafarroako Gobernuak, baita alderdi politiko guztiek ere, beharrezko lege aldaketa bultzatu behar dute bi gobernuek estatu mailakoa baino LGS handiagoa arautzeko eskumena izan dezaten". Nabarmendu zutenez, "Nafarroako erakundeen erabakitzeko gaitasuna handitu behar da langile klasearen bizi eta lan baldintzei dagokienez". Gogoratu zuten Nafarroako Parlamentuan LGS propioaren aldeko mozioa eztabaidatu zela martxoaren 12an. EH Bildu eta Geroa Bai alde, UPN abstenitu eta PSNk, Contigo-Zurekinek, PPk eta Voxek kontra bozkatu zuten. "Proposamen hori hiru botoren aldeagatik baztertu bazuen ere arlo guztietan tematu egingo gara gure ekimenak aurrera egin dezan".
Sindikatuek gogorarazi dute bide politikoa irekita dagoela Madrilgo Kongresuan. Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko aukerak badaude, eta greba orokorraren ondoren "bide hori inoiz baino irekiago" dagoela esan zuten: "egungo Gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politikok lege proposamena aurkeztea aurreikusten dute Espainiako Kongresuan.
Eragina
Deitzaileen iritziz, "2020ko grebak baino lanuzte handiagoa izan dira oraingoan". Azaldu zutenez, "greba orokorraren arrakasta lortutako aktibazio sindikal eta sozial mailaren arabera neurtu daiteke". Azaldu zutenez, Irurtzunen, Arbizun, Etxarri Aranatzen eta Altsasun greba batzordeak sortu ziren. Izan ziren ateak itxi zituzten enpresak, esaterako: Barranquesa, Aceos Moldeados Lacunza, Mecalsa, GH Guema eta Magotteaux. Ia erabateko geldialdia egon zen porlandegian eta beste makina bat enpresetan langile ugarik lanuzteekin bat egin zuten. Gainera, udaletxe askok ateak itxi zituzten. Merkataritza eta ostalaritzako sektoreko zati handi batek ez zuen aterik ireki, eta zabaldu zituenak eguerdirako itxi zuen.
Hezkuntzari dagokionez, Irurtzungo eskolan langileen %60k egin zuen greba, Uharte Arakilen %55 eta Lakuntzako eta Iturmendiko eskoletan gutxieneko zerbitzuak izan ziren. Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiaingo eskoletan gutxieneko zerbitzuak gehi langile bat aritu ziren lanean eta Olatzagutiko eskolan langileen %86ak greba egin zuen greba. Bestetik, Andra Mari ikastolan %91k egin zuen greba eta Iñigo Aritza ikastolan, berriz, %86k.
Sakanako mobilizazioei dagokionez, goizean Irurtzunen 60 pertsonatik gora egin zuten kontzentrazioa. Arbizun ere bilkura egin zuten. Etxarri Aranazko manifestazioan 100 bat pertsona izan ziren eta Bakaikuko elkarretaratzean 25 bat pertsona izan ziren. Altsasun bi deialdi izan ziren. Goiztiarrena CNTk, CGTk, Solidarik eta EHKSk deitutakoa izan zen eta 50 bat pertsona elkartu zituen. ELA, LAB Steilas, Hiru eta Etxalderen manifestazioan 125 bat izan ziren. Goizeko kontzentrazio eta mobilizazioen ondoren autokarabana mantsoan abiatu ziren Iruñeko manifestaziora. Eta gauza bera egin zuten arratsaldeko Altsasuko manifestaziora joateko. Horretan 2.500 pertsonatik gora elkartu ziren.
Gertakariei dagokienez, Sakanako Autobia (A-10) Arruazu parean moztuta egon zen pneumatiko batzuei su eman ondoren. Helburu bera zuten 60 gurpil eta bi erregai garrafa atzeman zituen Foruzaingoak Altsasuko industrialde batetik gertu. Goizean zehar izan ziren piketeak "behatzen" aritu ziren foruzainak.
Greba orokorrak hedabideetan, gizartean eta politikan izan zuen eragina azpimarratu zuten deitzaileek. "M-17a ez zen egun arrunta izan. Nafarroako langile klasearen ahotsa lantokietan eta kalean entzun zen. Gutxieneko soldata propioa eta, oro har, aberastasunaren banaketa, eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatu dira".