Kultura, Kirola eta Turismo Departamentuak Urbasako kanpineko paisaia hobetzeko lanen kontratua eman nahi du. Proiektua kanpinera diren pertsonendako esperientzia eta zerbitzu jasangarri hobeak eskainiko dituzten landare elementuak eta altzariak jartzean datza. Baina mantentzeko eta zerbitzu egokia emateko giza eta material premiak gehiegi handitu gabe. Proiektuak honakoak azpimarratzen ditu: kolorea, Urbasako Kanpinarekin harmonian dagoen egonaldia, jolasa eta ingurune basati, terapeutiko eta osasungarriaren aurkikuntza, iraunkortasunaren balioak sustatzeko. Elkar eragiteko, ikasteko, parte hartzeko, gozatzeko edo erlaxatzeko gune bat, turismo iraunkorrago baterantz joateko.
Lanak 187.412,74 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Egitekoak finantzatzeko departamentuak Europar Batasunaren Berreskuratze, eraldatze eta erresilientzia planeko dirulaguntza du. Lanak bere egin nahi dituenak eskaintza apirilaren 9ko 14:00ak arte aurkez dezake. Kontratua bere egiten duen enpresak bi hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
Egitekoak
Bost arlotan hobekuntzan egin nahi ditu gobernuak. Alde batetik, kanpinaren landare apainketa hobetzeko eta bisitariei lore ongietorria emateko honakoak eginen dituzte: kanpinaren sarreran, ezker-eskuin lorategiak jarriko dira, egongelen eraikinaren parean lorategia jarriko da, egongelen eraikinaren eta aparkalekuaren artean tamaina ertain eta handiko zuhaixkek osatutako lorategi zerrenda jarriko da, bi eraikin handien arteko kalean loreontziak jarriko dira, jatetxe pareko zutoinetan landareak jarriko dira, harrera ondoan lorategitxoa jarriko da eta bugalowen sarbidean zuhaixka eta landare bizien masa txikiak sortuko dira eremu horri bolumena eta kolorea emateko.
Bestetik, jardueretarako eta natura deskubritzeko eremuak izanen dira. Horretarako, hainbat jarduera aurreikusi dituzte: 0-3 urteko haurrendako parkean naturako materialak jarriko dituzte (lurraz, zuraz edo landarez eginak), 4 eta 8 urte arteko haurren mugimendua, oreka eta bestelakoak sustatuko dituen naturako elementuz egindako jolas parkea eta harri laberintoa, kalistenia puntua, boleibol gunea eta enborrez osatutako mikadoa.
Horiekin batera, naturan murgiltzeko espazioak sortu nahi dituzte kanpinean bertan. Honakoak egitea aurreikusi da: zerbitzu eraikinaren atzean lorategi ezkutua sortuko dute, kanpinaren iparraldean dagoen pagadian basajaunen eta bisontearen xendaren baso sorgindua sortzea eta, baso berean, enborretan egindako tailen bidez bertako landareria eta fauna ezagutzeko irudiz osatutako ibilbidea osatzea.
Laugarren arloaren bidez kanpineko faunaren eta floraren inguruko esperientziak hurbilduko dituzten eta ingurune naturalarekiko jakin-mina eta errespetua sustatuko duten espazioak planteatzen dira, Urbasa-Andiako Parke Naturalaren gainerako guneen aurkezpen-txartel gisa.
Horretarako, honakoak eginen dituzte: landaketa txikiak egitea kanpinetik urrunen dauden eta gutxien erabiltzen diren eremuetan, hegaztiei, intsektuei eta fauna txikiari elikagaiak eta babesa ematen dieten espezie autoktonoak erabiliz; bi aska sortzea, hamar habia-kaxa eta intsektu-hotel bat jartzea, elementu nabarmenenak seinaleztatzea eta argazki kamerak eta bideo tranpak jartzea, kanpineko leku publikoetara konektatuta. Azkenik, erabilera onaren eredu izanen den ureztatze sistema jarriko dute eta baso suteen kontrako prebentzio neurriak hartuko dituzte.
Kanpinaren itxura hobetzeko, altzariei, aparkalekuei, biltegiratze guneei eta edukiontzien guneei ere erreparatuko diete. Gainera, bungaloetara joateko xenda hobetuko dute.