Bartzelonak Alimentaria azokaren 50. edizioa hartu du martxoaren 23tik 27ra, astelehenetik ostegunera. Bi urtero egiten den azoka horretan 3.000 enpresa baino gehiago daude, 70 herrialdetatik joandakoak. Alimentarian dauden enpresen artean 50 nafarrak dira eta hiru sakandarrak. Reyno Gourmet standean hemeretzi enpresa daude, haien artean Etxarrengo Harivenasa. Gainerako enpresek beraien standak dituzte. Horien artean daude Arbizuko Agotzaina eta Olatzagutiko Quesos La Vasco Navarra. Azokaren bidez enpresek dauden merkatuetan sendotu eta berrietara zabaldu nahi dute.
Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak nabarmendu zuenez, azokan Nafarroako enpresa ugari izateak "Foru Erkidegoko nekazaritzako elikagaien sektorearen ezaugarri den esportazio gaitasun handia". Izan ere, "joan den urtean % 6,3ko hazkundea izan zuen kanpoko salmentetan, beste sektore batzuek duten batez bestekoaren bikoitza, eta barne eta nazioarteko merkatuetan eskaintzen ari garen elikagaien kalitate oso handia da".
Kontseilariak azpimarratu zuen "Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreak estatuko eta nazioarteko merkatuetan lehiatzeko duen gaitasuna, posizionamendu estrategikoa indartuz eta elikagai bereizietan eta kalitatezkoetan erreferentziazko lurralde gisa aitortuz". Bestetik, Nafarroak dituen indargune batzuk aipatu zituen, esate baterako, "tokiko ekoizleen eta nekazaritzako elikagaien industriako gure ehunaren arteko aliantza sendoa, nekazaritza eta abeltzaintza eredu jasangarriak garatzeko lana edo sektorea landa mundu bizi eta aktibo baterako palanka gisa apustu egitea".