Hamar lan laguntzen zain

Guaixe 2026ko martxoaren 31

Ihebardarrak Doneztebe kalean. ARTXIBOA

Zortzi udalek guztira 5.461.453,01 euroko balioa duten inbertsioa egin nahi zuten, baina Nafarroako Gobernuaren Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendaritza nagusiak erreserban utzi ditu.

Inbertsio handiak egiteko udalek eta kontzejuek, ezinbestean, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza behar dute. Lanetarako finantziazioa lortzeko bideetako bat foru administrazioaren Toki Inbertsio Plana da. Udalak hainbat egitasmo aurkeztu zituzten eta haien balorazioa egin ondoren, Nafarroako Gobernuak zein lanendako dirulaguntzak emanen dituen jakinarazi zuen. Sakanan 2028ra bitartean, guztira, hamaika herritan hamabost lan eginen dira, eta ibarreko toki erakundeek horietara  3.712.159,84 euro bideratuko dituzte.

Jakina zen Toki Inbertsioen Planeko sarerik gabeko zoladura lanak egiteko ibarreko zazpi lan erreserban gelditu zirela. Guztira 834.742,48 euroko inbertsioa ekarriko lukeena. Horiek egiteko aukera legoke hainbat udalek bere lanak egiteari uko eginez gero. Orain jakin da ur eta saneamendu sareak berritzeko Sakanako beste hamar lan ere erreserban daudela. Udalak lan horiek egiteko 5.461.453,01 euro (BEZik gabe) inbertitzea aurreikusia zuten.

Erreserban gelditu diren lanak
Arakilgo Udalak Ihabarko San Joan eta Doneztebe kaleetako sareak berritzera 547.574,36 euro bideratzea aurreikusi zuen. Obra egin ondoren kaleok zolatzeko 489.794,87 euro jarriko zituen. Arakilgo Udalak Ihabarren 1.037.369,23 euroko inbertsioa aurreikusia zuen.

Irañetako Udalak  frontoi aldean eta Sasartea kalean euri uren sarea berritzeko asmoa zuen. Horretara 85.570,55 bideratzeko asmoa zuen.

Uharte Arakilgo Udalak Felipe Gorriti eta Larrainbide kaleetako sareak berritzeko 300.404,17 euro aurreikusi zituen. Lanak egin ondoren, kaleak atzera ere zolatzeko 231.394,38 bideratu nahi zituen udalak. Guztira, lanek 531.798,55 euroko aurrekontua zuten.

Arbizuko Udalak bi lan egitea aurreikusi zuen. Alde batetik, Fernando Urkia kalea berritzeko lanen bigarren fasea aurreikusia zuen. Eskumena Sakanako Mankomunitatearen esku utzi zuenez, hornidura eta saneamendu sareak berritzeko beharrezko 27.227,77 euroak Mank-ek jarriko lituzke. Udalak euri uren sarea berritzeko 37.037,13 euro eta zoladura berritzeko, berriz, 243.028,22 euro bideratu behar zituen. Guztira, 307.293,12 euro.

Bestetik, Kale Nagusiaren zati batean lan berak egitea aurreikusi zuen. Mank-ek saneamendu eta hornidura sareen ardura hartuko luke, 7.985,65 euro. Eta udalak euri uren sarearena eta zolatzearena, 15232,38 eta 29.357,93 euro hurrenez hurren. Lan horrek 52.575,96 euroko aurrekontua zuen. Arbizuko Udalak dirulaguntza jaso izan balu, guztira, 359.869,08 euro inbertituko lituzke.

Iturmendiko Udalak bi lan egin nahi zituen. Alde batetik, Santa Marina eta Elizalde kaleetan hornidura eta saneamendu sareak berritu nahi zituen. Arlo horretan eskumena Sakanako Mankomunitatearen esku utzia duenez, ibarreko erakundeak 194.042,31 euro bideratzea aurreikusi zuen. Kale horietako euri uren sarea, 135.742,38 euro, eta zolatzea, 438.417,13, udalaren kontura lirateke. Obrak, guztira, 768.201,82 euroko aurrekontua du.

Bestetik, Iturmendiko Udalak Txorralde eta Santa Marina kaleetako hornidura eta saneamendu sareak berritu, euri uren sarea berritu eta haien zolatzea egin nahi zituen. Aurreneko lanak, aurrekoa bezala, Mank-en kontura litzateke, 133.217,08 euro. Udalak ordaindu beharko lituzkeen beste bi lanek 88.686,17 euro eta 324.731,67 euroko aurrekontua lukete. Guztira, 546.634,92 euroko inbertsioa. Bi lanak kontuan izanda, 1.314.836,74 euroko inbertitzea aurreikusi zuen Iturmendiko Udalak.

Altsasuko Udalak Bakea kalean sareak eta zorua berritzeko falta den zatia egiteko eta Gipuzkoa kale osoan sareak eta zorua berritzeko dirulaguntzak eskatu zituen. Azken hori bi fasetan egiteko asmoa zuen. Lan horien guztien aurrekontua 1.711.591,45 eurokoa litzateke.

Ziordiko Udalak Santa Luzia eta Mirarietako kaleetan sareak berritzeko 257.657,98 euro aurreikusi zuen. Eta lanak egin ondoren kaleak zolatzeko 162.759,43 euro bideratu nahi zituen. Guztira 420.417,41 euroko inbertsioa aurreikusi zuen Ziordiko Udalak.

Bestalde, gobernuak atzera bota du Arakilgo Udalaren dirulaguntza eskaera. Haren helburua zen Hiriberri Arakilgo Kale Nagusiko sareak berritzea.