areto futbola

Lehen faseari, agur

Guaixe 2026ko martxoaren 26a

Xota hirugarren sailkatu da lehen fasean. XOTA

Mutilen lehen maila autonomikoko lehen fasea despeditu da. Xota hirugarren, Arbizu laugarren, eta Altsasu hamabigarren sailkatu dira.

Mutilen lehen maila autonomikoan 22. jardunaldia jokatu zen, lehen faseko azken jardunaldia. Aurki bigarren fasea jokatuko da, igoera eta kopa multzoekin 

Xotak Mendialdea izan zuen aurkari Berriozarren. Etxekoak aurreratu ziren, baina Andres Felipe Cadenak bana berdindu eta Imad El Ougdik Xota 1-2 aurreratu zuen. Mendialdeak partidari buelta eman eta 3-2 jarri zen aurretik, baina Xotak ongi erantzun zuen eta hiruna berdintzeaz gain, 3-6 irabaztea lortu zuen, Oier Amezgarai (2), Andres Felipe Cadena eta Oinat Glariari esker. 

Arbizu Kirol Taldeak lehia estua izan zuen Instalaciones Los Saucesen kontra, Arbizun. Arbizuarrak hasi ziren finago, 3-1 aurreratu baitziren Axio Imazen (2) eta Beñat Jakari esker, baina Los Saucesek primeran erantzun zuen, eta hiruna berdintzeaz gain, 3-6 aurreratu ziren. Arbizuarrek ez zuten behera egin, eta gutxika partidari buelta emateko gai izan ziren. Beñat Jakak, Axio Imazek eta Beñat Jakak, atzera ere, gol bana sartu eta Arbizuk seina berdintzea lortu zuen partida izugarri borrokatuan. 

Altsasuk eta Olitek lehia oso estua izan zuten Zelandin. Partida oso borrokatuan, Ilyas Rherbik Altsasu aurreratu zuen. Olitek bana berdindu zuen, eta egoera beste hirutan errepikatu zen. Raul Sanchezek, Javier Irañetak eta Ilyas Rherbik Altsasu aurreratu zuten, baina Olitek launa berdindu zuen. Tamalez, azken unean Olitek gola sartu zuen eta hiru puntuek Altsasutik ihes egin zuten (4-5).

Mutilen lehen maila autonomikoko liderra Gazte Berriak Antsoain izan da (58 puntu), gertu Ibararte duela (54 puntu). Xota hirugarren izan da (50 puntu), Arbizu laugarren (46 puntu) eta Altsasu hamabigarren (4 puntu). Aurki bigarren faseari ekingo zaio.