Hilabeteko azken ostegunero bezala, Nasafek, Gazan su-etenaren aldeko Nafarroako osasun-komunitateak deituta, Irurtzungo eta Altsasuko osasun etxeen parean kontzentrazioak egin zituen. Nasafek nabarmendu zuenez, Israelek "palestinar bizitzekiko erabateko mesprezua duen patroia du, eta zigorgabetasunak ez du etenik". Gogorarazi dutenez, su etena 2025eko lastailean indarrean sartu zenetik 663 palestinar hil dituzte militar israeldarrek. "Kolonoen indarkeria biziagotu da".
Nasafekoek gaztigatu zutenez, "Israelgo armada Gazaren %50ean baino gehiagoan dago, eta egunero palestinarrak hiltzen ditu. Gainera, Rafahko pasabidea itxita du. Ez du baimentzen gaixoak beste herrialdeetara bidaltzea, ezta Jerusalem edo Zisjordaniara.
Deitzaileek gaztigatu zutenez, " Israelek etxebizitzak eta azpiegiturak suntsitu ondoren, Gazako baldintza materialak beldurgarriak dira. Martxoaren 14an harea ekaitza bat izan zen Gazan eta desplazatutako pertsonei zuzenean eraginez. Haien babesgune bakarra kanpin dendak dira eta haize ufada handiak eta harea bolada handiak jasan behar izan zituzten".
Global Sumud Flotilla
Gazari Israelek ezarritako "blokeo kriminalari aurre egiteko eta palestinarren deiari erantzunez, milaka parte hartzailek ehun ontzitan baino gehiagotan Gazarantz abiatuko dira udaberrian". Nasafeko kideek argitu zutenez, "Flotillak blokeoa hausteaz eta ezinbestekoa den giza laguntza eramateaz aparte, herritarren presentzia iraunkorra ezarri nahi du. Osasun, irakaskuntza, eraikuntza eta abarreko lan ekipoak joanen dira palestinarrekin elkarlanean aritzeko eta azken bi urtetan suntsitutako osasun sistema eta oinarrizko azpiegiturak berregiten hasiko dira".
Flotillak bost helburu dituela jakinarazi zuten: setio hausten lagundu, ezinbesteko laguntza ematea, berreraikuntza laguntzea, nazioarteko konplizitateari aurre egitea eta ekintza globala eta mobilizazioak sustatzea.
Nasafetik azaldu zutenez, Flotillaren atzean "nahikoa da esateko prest dagoen mundu guztiko milioika pertsona daude. Gobernuak eta erakundeak bazter utzitako ardura hartzeko eta kalera ateratzeko prest dauden pertsonak dira". Gaztigatu dutenez, Iruñean Flotilla sustatzen duen taldea dago. Hark egiten dituen ekimen eta deialdietan parte hartzera deitu zuten.
