Lanbide Heziketan eta Unibertsitatean euskara ikasteko "benetako bermeak" eskatu ditu Kontseiluak

Guaixe 2026ko martxoaren 27a

Euskaltzaleen Kontseiluak euskaraz ikasteko bermeak eskatu dizkio gobernuari. KONTSEILUA

Euskalgintzaren Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskatu dio ikasketa horiek "euskaraz ikasteko aukera errealak bermatzeko neurri eraginkorrak har ditzala".

Euskalgintzaren Kontseiluak Hezkuntza Departamentuaren aldamenean agerraldia egin du. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak azaldu duenez, "2025eko aurrekontu akordioan jasotakoaren arabera, Nafarroako Gobernuak Lanbide Heziketako eskaintza handitzeko konpromisoa hartu zuen, besteak beste, euskaraz eskaini daitezkeen prestakuntza-zikloen eta derrigorrezko hezkuntza euskaraz egin duten ikasleen eskariaren analisia eginez". 

Horretarako, aurreinskripzio prozesuan galdetegi bat txertatu zen, ikasleei euskaraz ikasteko asmoa zuten ala ez adierazteko aukera emanez. "800dik gora ikaslek adierazi zuten euskaraz ikasteko borondatea, eta gazteleraz ikastera behartuak izan dira", argitu du Eskisabelek. Haren iritziz, "errealitate honek agerian uzten du gaur egun Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza oso mugatua dela, eta, ondorioz, ikasle askok ezin dituztela beren ikasketak euskaraz jarraitu, borondatea izan arren. Egoera honek agerian uzten du ez daudela bermatuta hizkuntza hautu hori gauzatzeko baldintzak", nabarmendu du Eskisabelek.

Bost eskaera
Kontseiluak Nafarroako Gobernuari eskaera zehatzak egin dizkio Nafarroako Gobernuari gaurko agerraldian. Lehenik eta behin, Lanbide Heziketan euskarazko eskaintza modu planifikatu eta progresiboan zabaltzea eta lurralde osoan aukera bermatzea. Horretaz aparte, euskaraz ikasi nahi duten ikasle guztiei aukera hori bermatzeko neurriak ezartzea, eskaintza faltak hautua baldintza ez dezan. Aldi berean, Kontseiluak eskatu du euskarazko ibilbide osoak garatzea, oinarrizko mailatik goi mailako zikloetara arteko jarraipena ziurtatuz. Beste eskaera bat izan da irakasle, baliabide eta azpiegitura egokiak planifikatzea, euskarazko eskaintzaren kalitatea eta iraunkortasuna bermatzeko.

Nafarroako Parlamentuari ere eskaera egin dio Kontseiluak: "euskarazko eskariaren inguruko datuak biltzen eta aztertzen jarrai dezan, bai Lanbide Heziketan bai unibertsitate mailan". Nafarroako Unibertsitate Publikoari dagokionez, Eskisabelek jakinarazi duenez, "oraindik ez da modu sistematikoan aztertu ikasleen hizkuntza hautua. Hori dela eta, premiazkoa da informazio hori jasotzea eta, aldi berean, unibertsitateko eskaintza akademiko osoa euskaraz egiteko aukera bermatzeko pausoak ematea".

Euskalgintzaren Kontseiluko kideen ustez, "euskaraz ikasteko aukera ez da soilik eskariaren
ondorio, eskaintza egoki baten emaitza ere bada: eskaintza dagoenean, eskaria ere handitzen da. Horregatik, hizkuntza-eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko, ezinbestekoa da administrazioak lidergoa hartzea eta neurri ausartak abian jartzea".