Perimenopausia garaian gorputzean, emozionalki eta abar ematen diren aldaketetaz konturatzen hasi, eta informazioa bilatzen hasi zen Alazne Juaniz. Orduan konturatu zen informazio gutxi eta zaharkitua zegoela. Informazioa elkarbanatzeko, norberaren esperientziari buruz hitz egin ahal izateko eta elkarrekin egoteko pixkanaka biltzen hasi ziren, eta horrela sortu zen Klimaterio garaia taldea. Nafarroan urrats aitzindaria eman dute eta urtarrilean Nafarroako Parlamentuan izan ziren, eta bertan Kitz Mendiolak ere parte hartu zuen. Klimaterio, perimenopausia eta menopausiari buruzko plan integrala eskatu dute. Bitartean, Sakanako Mankomunitatearekin batera hainbat ekimen antolatu dituzte, izan ere, "bizitza garai honetan dena aldatzen da, eta dago informaziorik".
Nola izan zen taldearen sorrera?
Alazne. Istorio honetan sartu nintzen perimenopausia garaian nagoelako eta ulertzen ez nituen gauza pila bat sentitzen hasi nintzelako; ez ziren normalean entzun ditugun sintomak. Esaten zutenaren arabera, goizegi zen menopausiaren sintomak izateko. Ez nuen ezagutzen ere perimenopausia existitzen zenik; ez nekien zer zen klimaterioa. Gauza fisikoak eta emozionalak ziren. Inork ez dizu esan honekin lotutako sintomak direnik. Hilerokoa ere gauza arraroak egiten hasi zen... Nik hilerokoarekin jarraitzen dut; noizean behin etortzen da, baina sintomekin hasi nintzenean hilabetero neukan. Orduan, ez nuen erlazionatzen. Gauza batzuk entzuten eta irakurtzen hasi nintzen, medikuarengana joan nintzen, emagin batengana bidali ninduten, eta esan zidaten hasieran gauza batzuk hasten direla eta abar. Liburuxka bat eman zidaten, nahiko atzeratua dagoena, eta buelta bat ematea behar duena. Orduan, nire kabuz informazioa bilatzen hasi nintzen. Informazio asko falta zela ikusi nuen. Jendearekin hitz egiten hasi nintzen, eta ikusi nuen jendeak ez zuela hitz egiteko gogorik; gai hau oraindik zaila delako pertsona menstruanteendako. Ahizparekin ez ezik jende gehiagorekin hitz egiten hasi ginen eta flipatzen genuen jendeari gertatzen zaizkion gauzekin; batzuk oso gogorrak direlako. Ahizpa Ainhoa Juaniz da, pailazoa, eta gaiaren inguruko ikuskizun bat egitea pentsatu genuen. Horretarako dokumentatu behar izan nintzen, eta ikusi nuen zer informazio gutxi daukagun eta gutxi hori zer txarra den. Hortik sortu zen hau guztia.
Kitz. Taldea ezagutzen nuen, eta gerora sartu nintzen. Alaznek perimenopausiari buruz hitz egiten hasi zitzaidan, eta nire hurrengo pausoak hauek izango zirenez erreferente hartzen duzu. Nafarroako Parlamentura joango zirela esan zidan, eta mugimendu feministatik nator eta nire kasuan lehenengo hilerokotik min handia izan dut eta horrek eraman nau arlo pertsonalean ikertzera. Formakuntzak egin ditut eta hezitzaile menstruala naiz. Bi gauza horiengatik sartu nintzen.
Talde edo sare bat osatu duzue, ezta?
"Goxo eta lasai hitz egiteko topagune bat behar genuen; hori zen helburua"
ALAZNE JUANIZ
A. Bakardade, isiltasun eta jakin nahi horretatik eta ikuskizuna prestatzen ari ginela, pertsona menstruante gehiagorekin egon nahi genuen. Kafe solasaldi bat antolatzea bururatu zitzaigun. 2024ko urrian izan zen, eta pixka bat horrela hasi zen. Espontaneoa. Karteltxoa prestatu genuen eta Lakuntzako Udalarekin hitz egin genuen bertan egiteko. Gure ideia zen pertsona menstruanteak elkartzea eta gaiari buruz hitz egitea leku seguru batean, lasaitasunez. Hori zen helburu bakarra. Bilera horretatik atera ziren gainontzeko gauza guztiak.
Zer gauza dira horiek?
A. Herri desberdinetako pertsonak elkartu ginen eta erabaki genuen oso aberasgarria izan zela guretako topagune hori. Horrelako leku bat behar genuela profesionalik gabe lasai egoteko; profesional batzuk daude gauza batzuen alde eta beste batzuk beste gauza batzuen alde, eta horrek dakar beste gauza askoren kontra egotea. Guk hori ez genuen nahi. Lasai hitz egin nahi genuen. Bakoitzak zer sentitzen zuen ateratzen hasi zen; sentitzen zituzten sintomak azaltzen hasi ziren. Beroaldiak... Egia da hasieran gauza gutxi atera zirela, baina aipatzen hasi ginenean, gehiagori gertatzen zaizkiela aipatzen zuten. Ni adibidez artikulazioen minarekin hasi nintzen eta analitikak deskonpentsatu ziren pila bat. Betidanik oso ongi jaten dut, kirola egiten dut eta nahiko bizitza lasai dut, baina bat-batean kolesterola, azukrea... Eta nondik? Jende askori gauza bera gertatzen zaio. Oso ongi elikatzen gara baina parametroak aldatzen dira. Zer gertatzen da? Garai honetan ez dizu balio orain arte balio izan dizunak. Aldatu behar duzu erabat jateko modua, kirola egiteko modua eta abar. Horrelako gauzak ateratzen hasi ziren. Konturatu ginen informazio gutxi daukagula, eta aldaketa hauek egiteko laguntza behar dugula.
Zer urrats eman ziren?
A. Bakoitza ari zen bere gauzak ahal zuen moduan eramaten. Bateon bat nutrizionistarenagana joan zen... Erabaki genuen horrelako topagune gehiago behar genituela elkartzeko eta egoteko goxo-goxo. WhatsApp talde bat sortu genuen (https://labur.eus/silxplux) eta bertan eskuetara iristen zaizkigun liburuak, txostenak, dokumentalak, filmak eta sareetan ezagutzen ditugun medikuak eta abar elkarbanatzen ditugu. Gauza gehiago behar genituela pentsatu genuen eta Sakanako Mankomunitateko teknikariengana jotzea pentsatu genuen laguntza eske. Orduan, lan talde txiki bat sortu genuen kirol, aniztasun, berdintasun eta euskara teknikariekin. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu pertsona menstruante guztiengana iristea eta guretzat askotan ez da erraza. Hortik atera ziren hainbat tailer eta hitzaldi.
Zeintzuk dira tailer horiek?
A. Sexualitate tailerra egin genuen, elikadura tailerra hiru saiotan, zoru pelbikoa, yoga hormonala, sabel dantza, dantza integrala, indar ariketak... Gauza pila bat antolatu dira. 2025eko martxoan Bero dago eta gu gara ikuskizunaren estreinaldia egin genuen ere.
Zer nolako ikuskizuna da?
"Izugarria da ikuskizunaren ondoren sortzen dena"
ALAZNE JUANIZ
A. Esperientzia honi esker egindako ikuskizuna da; bildutako pertsona horiei esker sortua, eta eskerrak eman nahi dizkiet. Askotan esaten dugu badirudiela Kitz eta biok gaudela dena egiten eta sortzen, baina gu ari gara hau dena egiten babes bat dagoelako eta behar hori dagoelako. Talde batean gaudelako eta badakigulako zer gertatzen ari den. Ikuskizun hori martxan dago eta ari gara mugitzen. Izugarria da ikuskizunaren ondoren sortzen dena: emakumeak hurbiltzen dira eta haien esperientziak kontatzen dizkigute; haiek ere Mari Carmen, pertsonaia, direla esaten digute.
Sakanan egindakoa, beste herrietan egingarria da.
A. Hori da. Guk proposatu diegu haien herrietan horrelako talde bat sortzea. Oso aberasgarria da. Elkartzeko eta gure gauzei buruz hitz egiteko beharra dago.
Zer hutsune dago?
"Hutsuneak ikusteko atzerago joango nintzateke, lehen hilerokora"
KITZ MENDIOLA
K. Taldean ikusi ziren zer hutsune dauden perimenopausia, menopausia eta klimaterioaren inguruan, baina atzerago ere joango nintzateke: lehenengo hilerokoa dugunetik oraindik tabuak jarraitzen du. Mina nuela esaten nuenean ama izateko esaten zidaten, mina kentzeko. Duela gutxira arte hori horrelako gauzak entzuten dira. Alde batetik, perspektiba feminista behar da; oraindik begirada oso androzentrikoa da. Ikerketak gizonen ikuspuntutik enfokatuta daude, baina emakumeen ziklo edo faseen zentratzen dira oso amatasunean, eta hori ere ikuspuntu jakin batetik egiten da. Abandonatuaren sentzazioa izan dugu. Integrala izan behar du. Gure gorputza ezin da banatu eta osotasunean begiratu behar da; nola eragiten digun elikaduran, emozionalki... arlo guztietan. Feminimoaren esaldi osoohikoa: Pertsonala politikoa da. Gorputzean gertatzen dena politikoa da eta osotasun horretan begiratu behar da. Begiratu behar da nondik, nola eta zergatik gertatzen diren gauzak.
Taldetik sortu eta parlamentura joan arte, zer gertatu zen? Zeintzuk izan ziren hurrengo urratsak?
A. Esan bezala, elkartzen hasi ginen, teknikariekin elkartzen eta abar. Gauza politak eta garrantzitsuak egin ditugu. Konturatu ginen ez dagoela gure esku, ez teknikarien esku, ezta medikuen esku ere. Askoz integralagoa izan behar zen. Gure eskuetara La vida en rojo dokumentua iritsi zen, Cultura Menstrual elkartearena, estatu mailakoa da baina Kataluniakoak dira, eta haiek dokumentu hori sortu zuten hainbat legetan oinarrituta dagoena. Dokumentua ezinhobea iruditu zitzaigun, oso ongi idatzita dagoela eta oso ongi azaltzen du behar dugun guztia.
K. Legeak badaude, baina askotan gertatzen dena: ez direla aplikatzen. Atzetik egon behar gara.
A. Oso lege potentea da, baina ez da ezer egin. Lekuren batean zerbait egin da, baina oso gutxi. Orduan, erabaki genuen dokumentu hori EHBilduko zenbait parlamentariri pasatzea: hau dago eta hau behar dugu. Bilera bat eskatu genien. 2025eko otsailean parlamentuan zerbait onartu zen, baina ez zen nahikoa. Zaila zen berriro parlamentura joatea, eta lan saio bat egitea proposatu zuten.
Zer da lan saio bat?
A. Herriak zer behar dituen parlamentura joateko modu bakarra da. Eskaera zuzena da. Bilera horretan ahizpa eta biok joan behar ginen, baina nik nire esperientzia kontatu dezakegu, baina profesionalak behar zirela konturatu nintzen. Lantalde bat behar genuen. Hor Kitz, Nora Pascual hezitzaile menstruala eta Lidon Soriano abisatu nituen. Urtarrilaerako data eman ziguten; dena oso azkarra izan zen eta eguberrietan lanean egon ginen. Bilera asko egin genituen.
K. Erronka zen 25 minututan aipatu behar genuen guztia kontatzea. Eskaera zuzen bat egitea.
A. Oso potentea izan zen. Bakoitzak bere gaia hartu zuen. Nora Pascualen Menstrualmente hablando webgunean gure atala sortu du eta hor aurkeztutako dokumentu guztiak daudela, baita parlamentuko lan saioa ere. Sekulako harrera izan zuen. Orokorrean espero ez genituen batzuengatik ere harrera ona izan genuen. Bukatu genuenean zoriontzera gerturatu ziren eta eraikitzailea izan zela esan ziguten; ez ginela joan errieta botazera, zer nahi genuen eta nola azaldu genuen.
Eta zer eta nola nahi zenuten?
"Plan integrala behar du izan: osasuna, berdintasuna..."
KITZ MENDIOLA
K. Eskaera zen aipatutako hutsune horiei ez zaiela kasurik egiten; lege bat dago eta ez da aplikatzen, eta aplikatu behar da. Aplikatze horretan begirada non jarri behar den nabarmendu genuen: begirada feminista, bizi ziklo etapa guztietan eta kasu honetan perimenopausiai integrala izan dadiela; ez dadila izan osasun etxea alde batetik, gizarte zerbitzuak beste aldetik, berdintasuna bestetik... Plan honetan dena bete behar da, hutsune horiek guztiak, eta prebentzioari ere garrantzia eman. Hori dena azaldu genuen.
A. Harrera ona jaso genuenez, EHBildurekin batera mozio bat prestatu genuen, eta hurrengo egunetan aurkeztu zuten.
K. Mozioa da politikoen artean egiten duten eztabaida bat herritarren planteamendutik, eta gero horren arabera lege batzuk aplikatu edo ez. Mozio horretan puntu desberdinak zeuden, hamar, eta lehenengoa onartu zen. Hori guztiaren txapela zen.
Beraz, zer onartu zen?
K. Foru legean dagoena betetzea; hamabi hilabeteko epean klimaterioari eta menopausiari arreta ematkeo foru integral bat onartu behar dute, 1/2023 Lege Organikoan eta 17/2019 Foru legearekin bat datozenak. Gainera, genero ikuspegia, giza eskubideen ikuspegia, ikuspegi intersekzionala, eta departamentuen arteko izaren izango duena. Osasuna, berdintasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, enplegua eta toki administazioa eskumena duten departamentuak egongo dira, eta barne lan arriskuen prebentzioa emakumeen lan baldintza egokiak klimaterio eta menopausia sintomatologia hala eskatzen duenean.
A. Guk nahi genuen plan foral hori sortzea, eta sortzea guk uste dugun bezala. Horretarako ziren gainontzeko puntuak. Egia da lehenengoa oso borobildua dagoenez, ezin direla gehiagi eskakeatu.
Zer berme ditu?
A. Bete beharko lukete. Teorian martxan jarri behar dute. Puntuen artean jarri dugu etengabe ebaluatu behar dutela eta horren gainean egon behar direla. Ezin da aurrekoetan bezala izan. Legeak oso ongi daude, baina betetzen ez badira, ez dugu ezer lortzen. Plan horren barruan puntu bat da etengabe berrikusi behar dela.
Nola baloratzen duzue?
K. Gaia mahai gainean jartzea bakarrik urrats handia da. Asko dago egiteko eta egia da ez dugula utzi behar, baina jende askoren eskaera da; jende asko etorri zaigu. Populazioaren erdia gutxi gora behera gara, hor dagoen behar bat da; begiratu ez den gai bat izan da.
A. Herritik atera da, eta hori argi uzten dugu beti. Eskerrak ematen digute, eta horrek laguntzen du aurrera egiteko.
Orain zer?
A. Guk lanean jarraitzeko asmoa dugu. Haiek lanean utzi ditugu, espero dezagun jarraitzea.