24. Korrika

Euskal Herriak "era masiboan euskara garela eta euskara izan nahi duela" erakutsi du

Guaixe 2026ko martxoaren 30a

Korrikako arduradunak eta mezua idatzi zutenak. AEK

Korrikaren amaieraren biharamunean balorazioa egin du AEKk eta hamabigaren euna ekimenaren berri eman du ere: doako euskara klasea eta mintzodromoa. 

Euskararen aldeko errelebo lasteketa bukatu berritan, Korrikaren lehen balorazioa egin du Korrikaren arduradun Ane Elordik. Aldamenean zituen AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta lekukoaren barruan Euskal Herria zeharkatu duen mezuaren zazpi egileak. Guztiek ere Korrikak izan duen parte hartzea "masiboa" izan dela adierazi dute: "Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela". Gaineratu dutenez, "inoiz baino lekuko hartze gehiago izan dira, 3.400tik gora; eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa". Elordik azpimarratu duenez, “babes zabala izan du 24. Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik”.

Arduradunak nabarmedu duenez, "24.a Pizkundearen Korrika izan da, Pizkunde berri
baterako lehen txinparta. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita". Gaineratu duenez, gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: "guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko ez baitute hizkuntza modu berean jaso". AEKko ordezkariek adierazi dutenez, "euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu egileek argi dute euren engaiamendua eta, horrexegatik, dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla". Horregatik, AEKko kideek "euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita. Izan ere, "haien esku-hartzea ezinbestekoa da azken helburura heltzeko: Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”. 

Horrekin batera, Elordik esan duenez, 2horrek garagarrilaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz".

12. eguna
AEKk 12. eguna izeneko ekimena iragarri du: "Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna".

Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen adierazi du erakundeak agerraldian: "beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikak 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela eta, sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena".

Horren baitan, AEKk apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dugu, doan, bere 100 euskaltegietan. "Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnendako. Bestalde, maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean! 65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz. 

Bi ekimenetan parte hartu nahi dutenek www.korrika.eus/etaizangogara webgunean dute informazioa, eta izena emateko aukera.