herri kirolak

Andra Mariren bi txapelak

Maider Betelu Ganboa 2026ko martxoaren 31

Andra Mari eta Iñigo Aritza taldeetako finalistak, elkarrekin. ANDRA MARI

Nafarroako Herri Kirol Jokoen final handietan Andra Marik kimuen eta haurren proba konbinatuko txapelketak irabazi zituen, eta Basaburuak kadete mailakoa eta sokatirako bi txapelketak.

Martxoaren 29an 39. Nafarroako Herri Kirol Jokoetako final handiak jokatu ziren Basaburuan, eta jokatutako bost txapelketetatik bi txapel Sakanara etorri dira. Gainontzeko hirurak etxeko taldeak lortu zituen, Basaburuak. 

Herri kirol proba konbinatuetan kimuen mailako finala Andra Mari 1 taldeak irabazi zuen (6:52), Basaburua A-rekin lehia bizia izan ondoren (6:57). Berriozar A hirugarren sailkatu zen (7:04), eta Andra Mari 3 laugarren (7:13). 

Proba konbinatuen haur mailako finaletan Andra Mariko bi taldeak izan ziren nagusi. Txapelduna Andra Mari 2 taldea izan zen (11:51), Andra Mari 1 taldearen aurretik (12:17). Hirugarren Basaburua sailkatu zen (13:17) eta laugarren Antsoain (13:18). 

Proba konbinatuen kadete mailako finalean ez zen talde sakandarrik lehiatu. Basaburua B izan zen txapelduna (10:59), Basaburua A (11:30), Araxes (11:57) eta Antsoain B (13:37) taldeen aurretik. 

Sokatiran Basaburua txapeldun
Sokatiran ez zen finalik jokatu, bosgarren eta azken jardunaldia baizik. Haurren sokatira txapelketan Basaburua gailendu zen (29,5 puntu), Berriozar (28 puntu) eta Andra Mari 2 (25 puntu) taldeen aurretik. Laugarren Andra Mari 1 izan zen (23,5 puntu), eta bosgarren Iñigo Aritza (14 puntu). Atzetik Antsoain (13 puntu) eta Paz de Ziganda (7 puntu) sailkatu ziren. 

Azkenik, kadeteen mailako sokatira txapelketa Basaburuak (27 puntu) irabazi zuen, Antsoain B (25 puntu) eta Andra Mariren (18,5 puntu) aurretik. Atzetik Berriozar (13 puntu), Antsoain A (12,5 puntu) eta Iñigo Aritza (9 puntu) sailkatu ziren. 

Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek balorazio ona egin dute. Emaitzak onak dira, baina hortik haratago, herri kirolak sustatzea eta neska-mutilek ongi pasatzea da helburua, Nafarroako beste herri eta ikastetxeetako gaztetxoekin harremanak sustatzearekin batera. Helburu horiek aski bete dira. 

Nafarroako 48 talde
Guztira 48 taldek hartu dute parte 39. Nafarroako Herri Kirol Jokoetan. Kimuen proba konbinatuan 21 talde ziren, tartean, Andra Mariren hiru talde eta Iñigo Aritzaren bi. Haurren proba konbinatuetan zazpi talde lehiatu dira, Andra Mariren bi talde eta Iñigo Aritzaren talde bat tartean, eta sokatiran beste zazpi talde, Andra Mariko bi talde eta Iñigo Aritzako talde bat tartean. Kadeteetan herri kirol proba konbinatuetan zazpi talde lehiatu dira, Andra Mari ikastolako talde bat tartean, eta sokatiran sei talde, Andra Mariko eta Iñigo Aritzako talde bana tartean.