AHT ibilbide proiektua

Sustrai Erakuntzak AHT azterlanari alegazioak aurkeztu dizkio

Guaixe 2026ko martxoaren 31

Herritarrak alegazioak sinatzen tren sozialaren aldeko manifestazioaren ondoren. ARTXIBOA

Gaztigatu duenez, "Ingurumen, gizarte eta ekonomia iruzur erraldoia den obra baten aurrean gaude. Lurraldearen eta bertan bizi direnen aurkako eraso sakona da". AHT egitasmoari aurre egiteko "mobilizazio zabala, artikulatua eta iraunkorra da aukera bakarra".

Sustrai Erakuntza fundazioak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea eta Altsasu arteko tarteko azterlanari alegazioak aurkeztu dizkio. Fundazioko kideek ohartarazi dutenez, "alegazio horien helburua ez da izan trazadura berriaren obrek sor ditzaketen inpaktu puntualak hobetzea edo arintzea, ez baitago horretarako tarterik". Fundazioko kideek nabarmendu dutenez, "alegazioen oinarria AHTren justifikazioa, beharra eta bideragarritasuna zalantzan jartzea da, hura geldiarazteko eskatuz". 

Aldi berean, horrekin, "beste behin ere, egungo trenbide azpiegitura eta zerbitzuak hobetzea legitimatu nahi izan dugu, pertsonen eta herrien eguneroko mugikortasun-premiei erantzuteko. Irtenbide arrazional eta justu bakarra da".

Sei argudio
Sustrai Erakuntzako kideek nabarmendu dutenez, azterlanean "ingurumen ebaluazioari buruzko legeria larriki urratzen da, ez baita behar bezala aztertzen egungo trenbidearen hobekuntza, ezta zero alternatiba ere. Horrek erabat urratzen du ingurumen ebaluazioari buruzko legeria. Aukera guztiak aztertu behar dira, egungo trazadura hobetzeko aukera barne".

Horretaz aparte, fundazioko kideek salatu dutenez, "gaur egungo izapidetzeak zati txikiagoetan zatitzen du proiektu orokorra, artifizialki eta interesaturik. Zehazki, lehen Iruñerriaren eta Euskal Y-aren arteko tarte komuna zena, orain bi zatitan banatzen da". Adierazi dute zatiketa hori Nafarroako gainerako zatiei gehitzen zaiela: Zaragoza-Castejon, Castejon-Iruñerria eta Iruñeko trenbide buklea.  "Horren bidez, ez da ingurumen ebaluazio bateratua, zorrotza eta osoa egiten, ez eta alternatiben azterketa orokorra egiten ere".

Fundaziotik gaztigatu dutenez, "megaobra horrek behar bezala aztertzen ez diren metatze eta sinergia inpaktuak eragiten ditu". Gogorarazi dute gaur egun, Sakanan azpiegitura linealak daude 5 kilometroko zabalera baino ez duen eta 35 kilometro luze den korridore batean: autobia, errepideak, ohiko trenbidea, gaur egungo 2 linea elektrikoak, gasbideak..." eta horri gehitu behar zaio Abiadura Handiko Trenaren proiektua. Azpiegitura horiek guztiek trazadura paraleloak dituzte, distantzia txiki batez bereizita, eta inpaktu handiak eragiten dituzte, hala nola hesi-efektua".

Babestutako natura-guneei eta intereseko beste ekosistema batzuek ere erreparatu diete Sustrai Erakuntzako kideek: "kalte handiak eragiten zaizkie. Egingo diren txikizioek inpaktu handiak izango dituzte babestutako eta galtzeko arriskuan dauden animalia eta landare espezieetan".

Gaineratu dutenez, "AHTk Lurralde Antolamenduko Planaren irizpideak urratzen ditu, trenbide konbentzionala indartzeko beharra ezartzen baitu". Eta, azkenik, Sustrai Erakuntza fundazioko kideen nabarmendu dutenez, "trenbide-abiadura handiak ez duela errentagarritasun ekonomiko eta sozialik".

Mobilizatzen jarraitzeko deia 
Fundazioko ordezkariek azaldu dutenez, "azken hilabeteotan AHTren aldeko blokea oso aktibo agertzen ari da Nafarroan. Ikusten ari gara Nafarroako Gobernua, Espainiakoa eta proTAV  Plataforma eskutik helduta doazela alferrikako obra horrekiko babesa eta konpromisoa adierazteko". Gaineratu dutenez, "indartsu sentitzen dira eta Estatuaren aurrekontu orokorren babesa dute. Aurrekontu horiek urtero ematen dituzte horretarako partida ekonomikoak. Inoiz ez da azken 14 urteetan bezainbeste diru jarri AHTren alde".

Horren aurrean, "zorionez, herri ekimenak egiaztatu ditugu azken asteotan, martxak,  alegazioak, hitzaldiak, protesta eta salaketa ekintzak eta obra hori zalantzan jartzen duten mobilizazioak. Jarraitu eta sakondu beharreko dinamika bat da".

Sustrai Erakuntzako kideek ohartarazi dutenez, "alegazioek ez dute AHT geldituko, eta argi daukagu Madrilgo gobernuek eta Ministerioaren informazio azterlanek ere ez digutela erritmoa markatu behar. Ezin dugu haien erantzunaren zain egon". Gaineratu duenez, "AHTren bidegabekeria begi bistan dago: poliki-poliki aurrera doazen lanak, odoljario ekonomiko isila, bi hamarkada 'soilik' igaro ondoren kalkulatzen diren 3.500 milioietatik 500 milioi diru publiko xahutu ahal izan ditu, Zaragozarekin eta Euskal Y-arekin lotura ez da aurreikusten urte asko igaro arte... Erokeria hori gelditzeko denboran zehar mobilizazio zabala, artikulatua eta iraunkorra da aukera bakarra".