Pilota

Tarterik gabe, Buruz Burukoan murgiltzera

Maider Betelu Ganboa 2026ko apirilaren 1a

A Serieko Buruz Buruko Txapelketako aurkezpena. ASPEPELOTA.EUS

Joseba Ezkurdiak eta Joanes Bakaikoak final zortzirenetako kanporaketa jokatuko dute asteburuan.

Bata joan, eta bestea etorri. Binakako Txapelketatik oraindik errekuperatu gabe, martxan dago Buruz Burukoa. Pelota Pro Ligak antolatutako txapelketa atzo, martxoaren 31n aurkeztu zuten Bizkaia pilotalekuan. Apirilaren 3an hasiko da, Bastidan, eta maiatzaren 31n despedituko da, Nafarroa Arenan jokatuko den finalean. Azken urteetako egitura eta lehiaketa sistema izango du. 

Asperen sei pilotariak Jokin Altuna, Peio Etxeberria, Javier Zabala, Dario Gomez, Aitor Elordi eta Joseba Ezkurdia dira, joan zen urtean jokatu zuten pilotari berberak, eta Baikorenak Unai Laso, Iñaki Artola, Iker Larrazabal, Erik Jaka, Joanes Bakaikoa eta Jon Ander Peña. Joanes Bakaikoarena da aldaketa bakarra; egungo B Serieko buruz buruko txapelduna da, eta iaz Buruz Burukoan jokatu zuen Beñat Senarrekin kanporaketa jokatu eta etxarriarra gailendu zen, aurtengo Buruz Burukorako sailkatuz. 

Zozketak faborito nagusienak, Altuna eta Laso, A multzoan kokatu ditu. Beraiek dira A multzoko  zerrendaburuak. Ezkurdia multzo horretan dago ere bai. B multzoko zerrendaburuak Artola eta Larrazabal dira. 

Final zortzirenak jokoan
Binakako finaletik atera berri, Joseba Ezkurdiak A multzoko Buruz Buruko final zortzirenak jokatu beharko ditu. Apirilaren 5ean, igandea, Erik Jaka izango du aurkari, Lizarran. “Txapelketa ona egitea da asmoa, baina ez dut halako presiorik sumatzen. Binakako finaletik errekuperatu, eta partidaz partida joan nahi dut” azaldu zuen aurkezpenean. 

A multzoko beste final zortzirenetan Dario eta Elordi ariko dira, apirilaren 3an, ostirala, Bastidan. 

B multzoan Joanes Bakaikoa etxarriarrak Javier Zabala izango du aurkari apirilaren 4an, larunbata, Logroñon. Egun berean, Zarautzen, Peña II.a eta P. Etxeberria nor baino nor ariko dira. 

Final zortzirenetako irabazleek final laurdenetako ligaxkan aurreko urteko finalerdietako pilotariak dituzte zain: Altuna eta Laso, A multzoan, eta Artola eta Larrazabal, B multzoan. Hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute, apirilaren 10etik maiatzaren 10era arte. 

Multzo bakoitzeko lehen bi biko onenak maiatzaren 16an eta 17an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira. Finala maiatzaren 31n jokatuko da, Nafarroa Arenan, eta 3. eta 4. postuko kanporaketa maiatzaren 24an. 

Ezingo da partidarik atzeratu; lesionatzen denari edo jokatu ezin duenari partida galdutzat emango zaio. Finala ere ez da atzeratuko; pilotariren batek ezin badu jokatu, hirugarren sailkatuak ordezkatuko du. 

Altuna, faborito
Altuna da egungo txapelduna eta faborito nagusia. Buruz Buruko lau txapel ditu (2018, 2021,2024 eta 2025), eta hirugarren aldiz jarraian txapela lortzen duten klubean sartzea du erronka, orain arte soilik Miguel Gallastegik, Hilario Azkaratek, Juan Ignacio Retegik eta Julian Retegik lortu baitute hori. Laugarren txapela lortuz gero, Irujorekin berdinduko luke. Retegi I.ak eta Azkaratek seina txapel dituzte, eta Retegi II.ak hamaika. 

B Serieko Buruz Burukoa
B Serieko Buruz Burukoan Agirre, Alberdi II.a, Aldabe, Amiano, Egiguren V, Eskiroz, Murua, Rekalde, Salaberria, Senar, Zubizarreta III eta Zubizarreta IV pilotariek hartuko dute parte.