Argazki Ederrak Korrikak, ezta?
Iñaki. Bai. Jendetza bildu da. Sakanan eguraldiak eta orduak lagundu du. Eta horrek ahalbidetu du argazki oso-oso politak egoteak.
Arnasgunea Euskararendako Korrika?
Aitziber. Hori nahi dugu. Baina ez dugu lasterketa hutsean geratzea nahi. Horregatik aurten 12. eguna ekimena antolatzen ari gara: apirilaren 22an euskara eskola bat dohainik emanen dugu, komunitatea euskaran sartzeko asmoz. Horretaz aparte, Euskal Herri osoan mintzodromoak antolatuko dira. Ibarrekoa Altsasuko Foru plazan izanen da, maiatzaren 2an, 12:00etan. Sakandar guztiak parte hartzera gonbidatuta daude. Oso gai arinen inguruan hizketatuko gara, esaterako: patata tortilla tipularekin edo gabe.
Ahotan Euskara Korrika?
I. Bai, hori nahi dugu. Korrikaren helburua da AEK eta haren jarduna laguntzea, euskara ahotan ibil dadin.
Askotan Entzun duzue Kanta?
A. Bai. Nahi gabe ere ateratzen zaigu. Hasieran, beti bezala: "kanta hau ez dakit zer, ez dakit zenbat". Eta nahi gabe ere, abesten bukatzen dugu.
I. Eguneko edozein momentutan abestia buruan: dutxan, etxean, lanean... ateratzen da.
Asko Entzundako Konturen bat?
A. Hunkigarria dela, zirraragarria... Jendeak Korrikarekin gora egiten du. Eskerrak ere eman dizkigute. Gainera, aurten egunez pasatu denez, jendea poz-pozik zegoen. Bereziki horregatik, eta eguraldiak asko lagundu zuen. Talde handian parte hartzeak edozein motibatzen du aurrera jarraitzea.
I. Askotan galdetzen digute furgonetara nola igo edo nola jaitsi, zenbat furgoneta dauden... Guztia barrutik nola kudeatzen den jakin-mina dago.
Arrakasta Erraz Kudeatzen da?
I. Euskararena, Korrikarena, AEKrena, bai.
A. Azkenean protagonistak guztiak gara. Guk Ziorditik Irurtzuneraino hori guztia bizitzeko aukera izan dugu. Guretako intentsuagoa da. Baina poztasuna ematen duena jendearen alaitasun eta parte hartzeko gogo hori da.
Aldaketarik eragingo du euskalerritarrengan?
A. Hori nahi genuke. Horregatik 12. eguna ekimena, Korrikak sortzen duen olatua aprobetxatzeko eta euskara gure ahotan gehiago entzun ahal izateko. Euskararen munduan ez dagoen jendea euskarara erakartzeko. Gero ikusiko ditugu emaitzak.
Ikasleen Aldartean Eragiten du Korrikak?
I. Emozioa sortzen du. Data heltzear den heinean galderak egiten dituzte. Korrika hurbil dagoen momentua ikasleengan sumatzen da, emozio pixka bat sumatzen da.
Argitan, Egunez, Korrika. Hurrengoa?
A. Nafarroako arduradunen balorazio bileran esanen dut hurrengoan ere ahalegin bat egin dezagula egunez pasa dadin. Ez dezagun 15 urte itxaron egunez pasatzeko.
Ahaztu Ezinezko Kontakizunik?
I. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak ardia atera zuenekoa. Baina lekuko hartze bakoitzak bere xarma du.
Arnasa Euskararendako, Korrika?
I. Urtean zehar egiten den lana da euskararen arnasgunea. Bereziki, hiztun guztiok hitz egitea da benetako euskararen arnasgunea. Korrika bulkada bat da.
A. Eguneroko horretan euskararen erabileran laguntzeko Mintzakide programa dago. Sakanan 13 talde daude. Astean ordu bat da, eta dohainik. Izena emateko 600 48 20 24 telefono zenbakira hots egin daiteke.
Azken Edizioa Korrikak, noiz?
I. Korrikaren izaera laster aldatzea espero dugu. Horrek esan nahiko baitu euskararen osasuna eta euskara irakasteko baldintzak ongi egonen direla.
A. Zentzu horretan, ongi legoke. Baina Korrika gure kulturaren parte da eta laster egiten jarraituko dugu beste arrazoiren baten alde, Korrikan sortzen den komunitatea birsortzen.
I. Formatuak oso erantzun positiboa du Euskal Herrian. Formatuak jarraituko duela uste dut, ez dakit helburuak aldatuko diren. Euskararen egoeraren araberakoa izanen da.