Mutilen areto futboleko hirugarren mailan hemeretzigarren jardunaldia jokatu zen.
Altsasuk Berriozarren jokatu zuen, Mendialdearen kontra. Etxekoak aurreratu ziren, 2-0, baina Altsasuk ongi erantzun zuen eta Christian Leonek eta Asier Maeztuk bina berdindu eta gero, Asier Salgadok, beste bi golekin, Jon Lopez de Goikoetxeak eta Jonathan Medinak Altsasu 2-6 jarri zuten aurretik. Azken unean Mendialdeak hirugarren gola sartu zuen, markagailua pixka bat makillatuz (3-6), eta altsasuarrak garaipen ederrarekin joan ziren etxera.
Aralar Mendik Ibararte liderra hartu zuen Uharte Arakilen. Partida hasieran bi taldeak parez pare aritu ziren. 2. minuturako Ibararte aurreratu zen, baina berehala Mikel Barberenak berdindu zuen. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen eta, atzera ere, liderra aurreratu egin zen. Aralar Mendik bigarrenez berdintzea lortu zuen, Mikel Martiarenari esker. Ibarartek tarte oso ona egin zuen eta 2-5 ihes egin zuen ihesi. Uhartearrek ez zuten etsi, Aimar Igoak 3-5ekoa ezarri zuen, baina ez zen gehiagorako tarterik izan eta Aralar Mendik liderraren kontra 3-5 galtzen despeditu zen partida.
Ibarartek jarraitzen du hirugarren mailako lider (45 puntu). Altsau seigarren da (29 puntu) eta Aralar Mendi hamargarren (15 puntu). Apirilaren bigarren asteburuan Altsasuk Ibararte liderraren kontra jokatuko du, Zubirin, eta Aralar Mendik sailkapenean hirugarren den Gazte Berriak izango du aurkari, Antsoainen.