Txirrindularitza

Itzulia, Sakanan

Guaixe 2026ko apirilaren 1a

2024ko Itzulian etapa Etxarri Aranaztik abiatu zenean.

Apirilaren 7ko etapa Iruñean hasi eta Mendukiloko kobazuloetan bukatuko da, eta Sakanatik pasako da. Etapa Lizarragako portutik helduko da, eta San Migueleko pista igoko du.

Munduko txirrindularitza talde eta txirrindulari garrantzitsuenak Sakanatik pasako dira. Apirilaren 6tik 11ra jokatuko da Itzulia Basque Country. 

Lehen etapa Bilbon jokatuko da, eta banakako erlojupeko laburra izango da (13,9 km), 3. mailako Santo Domingo gaina duena. 

Bigarren etapa, apirilaren 7koa, Nafarroan jokatuko da. Iruñean hasiko da, 13:00etan, eta Astitzen despedituko da, Mendukilo kobazuloan (164,1 km). Bost portu gainditu beharko dituzte: bigarren mailako Etxauri, Lizarragako gaina, hirugarren mailako Zuarrarrate eta Aldatz, eta lehen mailako Aralarko San Miguel pista. 

Lizarragatik jaitsi eta Etxeberri paretik Zuarrarratera itzoko dira txirrindulariak, Lekunberri eta Aldatzera iritsi, buelta hartu eta Irurtzunera heltzeko. Irurtzundik Uharte Arakileraino joko du tropelak, eta San Migueleko pista itzo ondoren, Astitzera joko dute, Mendukiloko Kobazuloko gainera heltzeko. 

Etapak 3.300 metrotik gorako malda metagarria dauka, eta amaiera nekagarria. Ondo antolatutako ihesaldiak egiteko aproposa da, eta faboritoek adi-adi egon beharko dute. 

Hirugarren etapa Basaurin jokatuko da (152,8 km), laugarrena Galdakaon (167,2 km), bosgarrena Eibarko etapa Bergaran erabakiko den etapa gogorra (135,2 km).

San Miguelek erakartzen du
Ez da Itzuliak San Miguel portua gaindituko duen lehen aldia. 2011Ko Euskal Herriko Itzuliko etapetako bat Zumarragan hasi zen eta Lekunberrin bukatu, Sakanan sartu eta Uharte Arakilgo pistatik San Miguel igo eta gero. Etapak ikusmin handia piztu zuen, San Migueleko pista txirrindula zalez bete zen, eta mendiko etapa hartan Movistarreko Vasil Kiryenka izan zen garailea. 
Horretaz gain, Espainiako Vueltak , Emakumeen Nafarroa Klasikoak eta afizionatuen Nafarroako Itzuliak San Miguel portua gainditu izan dute aurretik.