AHT ibilbide proiektua

Sakana Bizirik "eredua zalantzan" jartzearen alde

Guaixe 2026ko apirilaren 1a

Sakana Bizirik plataformako kideak. UTZITAKOA

"Energia krisiak eta azpiegitura handiek duten loturaz hausnartzeko unea" dela adierazi dute plataformako kideak. AHTren kontra mobilizatutakoak zoriondu ditu. 

Sakana Bizirik plataformako kideek Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako mobilizazioen inguruko balorazioa egiteko agerraldia egin dute. Hartan adierazi dutenez, "emandako erantzuna ez da soilik azpiegitura jakin baten kontrako jarrera; askoz ere sakonagoa den ikuspegi baten isla da. Sakandarrok argi utzi dugu ez dugu onartzen goitik behera inposatutako eredu bat, non erabaki estrategikoak herritarren bizkar hartzen diren, gure beharrak eta iritziak kontuan hartu gabe". Plataformako kideen iritziz, "gobernuak aurkeztutako Ipar eta Hego trazadurak baztertzeak esanahi politiko argia du: ez da nahikoa aukeren artean hautatzea, aukerak berak zalantzan jartzea baizik". Hau da, "AHTari ez esateak bestelako garraio eredu baten aldeko apustua dakar".

Plataformako kideek adierazi dutenez, "AHTa bezalako proiektu suntsitzaileek, interes ekonomiko handiei erantzuten diete, eta kapital handien mugikortasuna erraztea eta lurraldeak merkantilizazio logikan txertatzea dute xede". Gaineratu dutenez, "gure testuinguruan, tren-azpiegitura horrek UPN
zein 'aldaketaren gobernuaren' elite ekonomiko eta enpresarien interesen arteko lotura erakusten dizkigu". Horren adibide gisa jarri dute Nafarroako PRO-TAV platafoma. Eta Altsasuko Udala AHTaren proiektua babesten duela gogorarazi dute.

Beste eredu bat
Ziurtatu dutenez, "sakandar langileok tren publiko eskuragarri, eraginkor eta herriaren zerbitzura egongo den eredu bat behar dugu, eta ez eliteek kudeatu eta haien interesei erantzungo dien azpiegitura". Sakana Bizirik plataformakoen iritziz, "aurkeztutako alegazioek hori berresten dute: Sakanak ez du onartzen bere etorkizuna kanpotik erabakitzea. Sakanak bizirik jarraitu nahi du, baina bizirik modu duin eta justuan, bere lurraldea eta bere jendea erdigunean jarriz".

AHTren kontrako mobilizazioak testuinguruan jarri nahi izan dute plataformako kideek: "energia krisiak eta azpiegitura handiek duten loturaz hausnartzeko unea delakoan gaude. Izan ere, 'trantsizioa' izenpean askotan eredu bera berrantolatzen da, baina ez zalantzan jartzen". Sakana Bizirik plataformako kideek esan dutenez, "horren aurrean, beharrezkoa da benetako alternatibak eraikitzea, jasangarritasuna eta burujabetza erdigunean jarriko dituztenak. Horretarako, ezinbestekoa izango da elkarlanean hausnartzen jarraitzea, indarrak batzea eta gaur irekitako bideari eustea".

Azkenik, plataformako kideek esan dutenez, "sakandarrek Garraio Ministerioak proposatutako Iruñea-Altsasu arteko AHTaren trazaduraren aurrean eman dugun erantzuna benetan eredugarria izan da". Eta nabarmendu dituzte 5.000 pertsona batu zituen manifestazioa edo aurkeztutako 6.850 alegazioak. "Horregatik, gure zorionik beroenak eta eskerrik zintzoenak helarazi nahi dizkiegu parte hartu duten pertsona, eragile eta kolektibo guztiei. Ez da lan erraza izan, baina egindako ahaleginak agerian utzi du Sakanan badagoela kontzientzia sozial eta politiko sakona".