Txirrindularitza

Arrieta eta Mintegiren Itzuli ederra

Guaixe 2026ko apirilaren 13a

Itzulia San Migueleko arranpei ekiten. Ihesaldiko kideak, tartean Iker Mintegi.

Igor Arrieta hirugarren etapa irabazteko zorian egon zen eta sailkapen orokorrean zortzigarren sailkatu da. Iker Mintegi Sakanako etapan ihesaldian sartu zen eta orokorrean 70. izan da.

Apirilaren 11n, larunbatarekin despeditu zen Itzulia, baina oihartzunak oraindik zutik dirau. Euskal Herriko errepide, bidezidor eta bazterretan World Tour mailako probak izan duen erantzuna ikusgarria izan da, milaka zale bildu baitziren Itzuliko sei etapak jarraitzera. 

Tartean, bigarren etapa Iruñean hasi eta Mendukiloko kobazuloetan despeditu zen, eta Sakanara heldu zen, Lizarragako portutik. Etxarren gaindituta Zuarrarrate portua gainditu zuen, Aldazkoa segidan, eta Irurtzuneko bidea hartuta, Uharte Arakilera iritsi zen lehen mailako Aralarko San Miguel pista gainditzeko. Etapa horretako ihesaldian sartuta zegoen Iker Mintegi altsasuarra (Euskaltel Euskadi), baina Aralarko malda gogorretan Paul Seixas lider gazteak sekulako erasoa jo zuen, etapa irabazi eta bere lidergoa sendotu zuen. 

Hirugarren etapan Igor Arrieta (UAE Emirates) etapa irabaztear izan zen, eguneko ihesaldian sartuta, baina, azkenean, Axel Laurancek gainditu zuen eta uharte arakildarra bigarren izan zen. 

Sei etapak jokatuta, Paul Seixas  (Decathlon) 19 urteko frantziarrak irabazi du Itzulia, meritu handia (20:07:35), Florian Lipowitzi (Red Bull-Bora) 2:30 eta Tobias Halland Johannessi (Uno X Mobility) 2:33 aterata. Ion Izagirre (Cofidis) laugarren sailkatu zen, 3:50era. Igor Arrieta Top10ean sartu da, zortzigarren izan baita, 5:25era. Mikel Mintegi 70. sailkatu da, 1:37:50ra. 

Paul Seixas izan da Itzuliko protagonista. Sailkapen orokorra irabazteaz gain, mendiko saria, puntuen saria eta txirrindulari gazteenaren saria jaso du. Igor Arrietak euskaldunaren saria jaso du, eta talde onena Movistar Team izan da. 

Bi sakandarrak pozarren daude. “Hitzik gabe aste honetan bizitakoaz. Eskerrik asko euskal zalegoei errepide bazterretan animatzen egoteagatik. Baita eskertzea talde guztiak egindako lana. Animo asko Isaac Del Torori, laster berriz errepideetan izango dugu” azaldu du Arrietak sare sozialetan. Antzeko mintzatu da Mintegi. “Eskerrik asko Euskaltel Euskadi taldea osatzen duzuen guztioi, eta eskerrik asko bide bazterretara gerturatu zareten marea laranja guztiari”.