Oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako LH Lanbide Heziketako zikloetan izena emateko eskabideak aurkezteko epea apirilaren 20tik 30era izango da. Hezkuntza Departamentuak gomendatu du bere webgunean (educacion.navarra.es/eu) sartzea, bertan baitago 2026/2027 ikasturterako onarpen prozesuan parte hartzeko eskabideak behar bezala izapidetzeko behar den informazio guztia.
Nafarroako funts publikoekin sostengatutako ikastetxeen sarean 2026-2027 ikasturterako Lanbide Heziketaren eskaintzan aurrez aurreko 22 ziklo gehiago izanen dira, horietako sei Nafarroako hezkuntza sistemaren eskaintza publikoan ezarri berriak, 24 lanbide arlokoak. Guztira, 195 heziketa ziklo daude hezkuntza eskaintzan, online modalitateko 35 ziklo (lau ziklo berri eta hamalau espezializazio ikastaro). Carlos Gimeno Gurpegi kontseilariak nabarmendu duenez, "departamentuak ahalegin handia egin du prestakuntza-mapa bat diseinatzeko, Nafarroako ehun sozioekonomikoaren beharrei erantzuteko, hazten ari diren sektoreei arreta emateko eta Oinarrizko Lanbide Heziketa zabaltzeko".
Ikasketa eskaintza
Sakana LH institutua eta bertako ikasketa eskaintza ezagutzeko ate irekiak eginen dituzte apirilaren 16an, 16:00etatik 20:00etara. Egun berea, 18:30etik 19:30era, Sakanako hainbat eragileen mahai ingurua izanen da eta Lanbide Heziketak Sakanan duen inpaktua eta garrantziari buruz eztabaidatuko dute. Apirilaren 18an, larunbata, 10:00etatik 13:00etara, ate irekien jardunaldia izanen da ere institutuan.
2026-2027 ikasturtean Sakana LH instituaren ikasketa eskaintza honakoa izanen da: Oinarrizko Lanbide Heziketan Merkataritza zerbitzuak ikasketak eta Lanbide Heziketa berezian Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzailea ikasketak izanen dira. Erdi Mailako zikloaren eskaintzan Mantentze lan elektromenkanikoa, Soldadura eta galdaragintza, Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza (euskaraz), eta Administrazio Kudeaketa (euskaraz eta ingelesez) izanen dira. Goi mailako zikloei dagokionez, Industria Mekatronika, Fabirakzio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Haur Hezkuntza (euskaraz eta ingelesez), eta Automatizazioa eta industria robotika (gaztelaniaz eta ingelesez) izanen dira.
Bestetik, Sakana institutuko ikasketa eskaintzaren barruan Mendi ertaineko teknikaria eta Eskalada teknikaria Araubide bereziko kirol ikasketak daude ere. Gainera, lanean ari diren langileak titulazioa lortzeko profesio ziurtagiriak lortzeko ikastaroak ematen dituzte baita lan esperientzia eta arautu gabeko trebakuntzaren bidez eskuratutako gaitasun ofizialki aitortzeko aukera ere.