Cederna-Garalurrek despopulazioari aurre egiteko dirulaguntza jaso du

Guaixe 2026ko apirilaren 14a

Martzillan programari buruzko jardunaldia egin zuten. NAFARROAKO GOBERNUA

RuralNav 2026 programatik jaso du diru ekarpena, erronka demografikoari eta despopulazioari lurralde ikuspegi berritzaile eta kolaboratibo batetik aurre egiteko 2024an hasitako lanaren jarraipen gisa.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, RuralNav programa indarrean du. Haren bidez Cederna-Garalur elkarteak 125.000 euro jaso ditu. Diru horrekin Garalurrek erronka demografikoari eta despopulazioari lurralde ikuspegi berritzaile eta kolaboratibo batetik aurre egiteko jarduerak eginen ditu Mendialdean. RuralNav programa 2024an abiarazi zuen departamentuak Despopulazioaren kontra Borrokatzeko Estrategiaaren barruan kokatuta dagoena. Hori 2023tik dago indarrean, eta "administrazio publikoen politika eta ekintza guztietan ikuspegi demografikoa aplikatzeko Nafarroako Gobernuaren ibilbide-orria da", azaldu du Oscar Chivite Cornago kontseilariak. "Pertsonek aukeratzen duten tokian bizitzeko duten eskubidearen" alde egin du, eta hori lortzeko "aukera-berdintasuna eta zerbitzu publiko onak bermatu behar dira". Chiviteren iritziz, RuralNav programa "erronka demografikoari aurre egiteko begirada zabala eskaintzen du".

RuralNav 2026 programak Nafarroako Despopulazioaren aurkako Estrategiaren baitako jarduerak biltzen ditu, eta zuzenean laguntzen die lehentasunezko bi eremuri: biztanle berriei eta oinarrizko zerbitzuei. Testuinguru horretan, landa-ingurunean biztanleriaren bizikidetza finkatu eta hobetzera bideratutako ekintzak eta herritarrentzako zerbitzuak hobetzera bideratutako beste ekintza batzuk konbinatzen ditu programak, erronka demografikoari ikuspegi integral batetik helduz.

Bi arloren sustapena
Edizio honetan, RuralNav programak arreta berezia jarriko du zaintza-ekosistemen indartzean, existitzen ez diren edo estaldura mugatua duten zerbitzuak hurbiltzeko eta pertsonei beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehien ematen laguntzeko, landa-ingurunean bertan zahartze aktiboa eta osasungarria sustatuz.

Aurreikusitako jarduketek komunitate- eta laguntza-espazioak aktibatzea, hurbileko baliabideak eta zerbitzuak indartzea eta landa-errealitatera egokitutako zaintzak antolatzeko eta emateko formula berriak garatzea sustatzen dute.

Era berean, programak Garalurren moduko Nafarroako beste Tokiko Ekintza Taldeekin batera ezagutza partekatua sortzea bulkatzen du, lurraldeen arteko topaketa eta truke guneen bidez, zainketen arloko jardunbide egokiak identifikatu, testatu eta erreplikatzeko aukera ematen baitute.

Lankidetza
RuralNav lurraldeen arteko lankidetzaren aldeko apustuari eusten dio erronka komunei aurre egiteko funtsezko elementu gisa, ikaskuntza partekatua eta baliabideen erabileraren eraginkortasuna bultzatuz.

Ildo horretan, RuralNav herrialdeko lau lurraldeetan lan-ildo komunak garatzea eta Tokiko Ekintza Talde bakoitzak diseinatutako jarduera espezifikoak bateratzen ditu, eta horrek aukera ematen du konponbideak zona bakoitzaren ezaugarri, behar eta aukeretara egokitzeko.

Jardunaldia
Martzillan apirilaren 13an egindako jardunaldiak erakundeetako ordezkariak, tokiko erakundeak eta lurraldeko eragileak bildu ditu, eta programaren abiapuntu gisa balio izan du 2026an. Topaketak aukera eman du lan-ildo nagusiak partekatzeko eta landa-garapenean inplikatutako eragileen arteko lankidetza indartzeko.

Horrela, RuralNav 2026k proiektu berritzaileak bultzatzeko, lankidetza-sareak sendotzeko eta landa-lurralde bizigarriagoak, kohesionatuagoak eta etorkizunerako prestatuagoak lortzeko tresna gisa duen eginkizuna berresten du.