Garabiak, travellingak, lumak... egiten dituzte Gerra Hermanos enpresa taldean. Mecalsa horietako bat da, Altsasun dagoena. Han garabietarako piezak egiten dituzte. Taldeak beste lantegi bat du Bakaikun. Horiez aparte, Gipuzkoan beste bi lantegi ditu taldeak.
Korrikaren leloa 'Euskara gara' da. Nola zarete zuek euskara?
Alde horretatik zorteko gara, gure enpresan, Sakanako jendeaz aparte, Goierriko jende asko dagoelako. Eta bizipoza ematen du enpresan euskara asko entzuteak. Alde horretatik, gustura. Giro nahiko euskalduna dugu. Duela urte batzuk erabaki genuen asanbladak-eta euskaraz egitea, garai batean gazteleraz egiten zirelako.
Euskara plana fabrikan bertan egiten dute enpresa batzuetan. Zuenean, halakorik ez?
Ez dakit hori preseski gure fabrikan dugun. Baina guk hitzarmenetan beti sinatzen dugu dena elebidun izatea, eta errespetatzen dute.
Zergatik erabaki duzue Korrikan parte hartzea?
Euskaltzale giroa dago, talde bat animatu ginen Korrikako lekuko hartzea erostera. Guztiek parte hartzen dute, pote moduko bat jartzen dugu. Aurreko bi edizioetan animatu ginen, aurten ere bai... eta horrela animatzen gara.
Zer sentitzen duzu Korrikan parte hartzean?
Izugarrizko poza. Bi urtez behin poz handia. Hemen barre egingo dugu lankideekin. Eta ea Altsasutik Etxarri Aranatzera heltzen garen.
Euskararen aldeko zein lelo gustatzen zaizu gehien?
Ez dakit nola, baina Korrikan ateratzen ditugu leloak oihukatzeko indarrak. Bi urteaz behin da, baina beti ilusio berarekin etortzen gara. Aurten ere garrasi egin dugu. Denak dira onak.
Korrikaz aparte, zer gehiago behar du euskarak?
Nafarroan leku guztietan izatea ofiziala. Ea lortzen dugun. Eta euskara egunerokotasunean ibiltzea, hori baita ez galtzeko modu bakarra.
Zer ematen dizu Korrikak?
Ikaragarrizko poza eta ea poztasun hori mundu guztiari kutsatzen diogun.