Apirilaren 2tik 5era Espainiako Pista Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Galapagarren, junior eta kadete mailakoak. Nafarroako selekzioak ikaragarrizko maila erakutsi zuen eta hamahiru domina lortu zituen, urrezko bi, zilarrezko lau eta brontzezko zazpi.
Enara Perez olaztiarra izan zen protagonista nagusia. Kadete mailan banakako abiaduran urrezko domina lortu zuen eta beste sei domina gehiago eskuratu zituen (taldekako abiaduran zilarrezkoa eta bost brontzezko domina). Perezek kadeteen kategorian duen nagusitasuna eta potentziala agerian geratu zen.
Enara Perezekin batera, Eider Razkin arbizuarrak, Nathalie Cardonak eta Haizea Larreak taldekako abiadura lasterketan bigarrenak izan ziren, zilarrezko domina lortuaz. Taldekako jazarpenean aipatu nesken taldeak brontzezko domina lortu zuen. Beraz, taldeka zilarrezko eta brontzezko domina bana lortu zuten.
Luca Martinez lakuntzarra junior mailan lehiatu zen. Aitor Mata, Ander Larraburu eta Javier Monrealekin taldea osatuta, taldekako jazarpen proban urrezko domina lortu zuten, merezimendu handiz. Bestalde, Luca Martinez banakako jazarpenean laugarren postuan sailkatu zen, dominatik gertu. Bestalde, Burunda klubeko Oier Pagolak junior mailako selekzioarekin parte hartu zuen txapelketan.
