Alemaniako ikasleek Altsasu Institutukoei bisita bueltatuko diete

Guaixe 2026ko apirilaren 20a

Trukean parte hartzen duten ikasle eta irakasleak. utzitakoa

Erasmus+ programaren barruan antolatutako truke egonaldia da.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak aste batez Alemaniatik etorritako ikasleak eta irakasleak hartuko ditu, 24 zehazki. Sindelfingen herriko Gottlieb-Daimler-Schule 2 ikastetxetik etorriko dira apirilaren 20tik 24ra, astelehenetik ostiralera. Erasmus+ programaren barruan bi ikastetxeetako irakasleek elkar ezagutzeko zuzeneko harremanak izan dituzte. Alemaniarrak institutura etorrita lantzen ari diren bi proiektu despedituko dituzte. Batak Altsasu/Sindelfingen Escape Room izena du. Bestea, berriz, nortasuna eta identitateari buruzko lan bat da.

Proiektu horiek ikasturtean zehar landu dituzte bi ikastetxeen artean. Lastailean eta otsailean irakasleek egonaldiak eta jardueren antolaketa prestatu zituzten, eta martxoan Altsasuko ikasleek astebeteko egonaldia egin zuten Sindelfingenen, lanari hasiera emateko. Orain, Alemaniako ikasleen txanda izango da proiektuak bukatzeko. Guztira, bi astez aritu dira ikasleak proiektuetan lanean, eta bitartean bestelako jarduerak ere egin dituzte, hala nola museo eta hirietako bisitak edo aisialdiko ekintzak.

Nazioartekotze plana
Bi ikastetxeen arteko elkartruke edo egonaldiak Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuaren nazioartekotze planaren baitan daude. Ikastetxeak Erasmus+ programaren kreditazioa lortu zuen duela bi urte. Horri esker urtero nazioarteko mugikortasunak egiteko finantziazioa bermatua du.

Joan zen urtean, Eslovenian eta Turkian izan ziren Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko ordezkariak; ikasturte honetan, berriz, Alemaniarekin ari dira elkarlanean. Eta, dagoeneko, heldu den ikasturterako Europako erdialdeko beste bi herrialderekin harremanak lantzen hasi dira.

Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuaren mugikortasuneko ekimen horien helburu nagusia "ikastetxeko proiektuak hobetzea da, beste herrialde batzuetan egiten diren esperientzietatik ikasiz", azaldu du Hiart Leitza Razkinek institutuko programako arduradunak. Argitu duenez, "digitalizazioa, identitatea eta inklusioa izan dira ardatz nagusiak ikasturte honetan; hurrengoan, berriz, artea eta sormena landuko dituzte ikasleek". Egonaldi horien finantziazio osoa Erasmus+ programaren bidez jaso da.