Pilota

Bizkaiak Nafarroari estu hartu dio GRABNI-an

Guaixe 2026ko apirilaren 16a

Txapelketako laugarren jardunaldian jokatutako 40 partidetatik 21 Bizkaiak irabazi zituen, eta Nafarroak 19.

Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko selekzioen GRABNI txapelketan laugarren jardunaldian Nafarroak Bizkaia izan zuen aurkari, Bizkaian. Frontoiko modalitatean, jokatutako 32 partidetatik 14 garaipen lortu zituen Nafarroak, eta 18 partida galdu zituen. Trinketean jokatutako zortzi partidetatik, Nafarroak bost irabazi zituen eta hiru galdu. 

Beraz, oso gutxigatik baina Bizkaia gailendu zitzaion Nafarroari. Guztira jokatutako 40 partidetatik 21 Bizkaiak irabazi zituen, eta Nafarroak 19. 

Tartean, jubenilen mailako buruz burukoan, Nazabalek (Nafarroa) 2-10 eta 1-10 irabazi zion Torralbari (Bizkaia); jubenilen binakakoan Aldaz-J.Salaberriak (Nafarroa) 1-10 eta 5-10 hartu zituzten mendean Zearra-Ibarzabal (Bizkaia); 22 urtez azpiko buruz burukoan Salcedok (Nafarroa) 10-7 eta 10-6 galdu zuen Uriarteren (Bizkaia) kontra; eta 22 urtez binakakoan Sarasibar-Sotilek (Nafarroa) 10-8 eta 10-9 galdu zuten Beitia-Elorzen (Bizkaia) kontra. 

Asteburuan GRABNI-ko bosgarren jardunaldia dago jokoan. Nafarroak Errioxaren kontra jokatuko du, Errioxan.