Global Sumud Flotillako aurreneko itsasontziak Bartzelonatik Palestinarantz atzo, apirilaren 15ean, abiatu ziren. Parte hartzaileen artean bi sakandar daude. Palestinaren aldeko ekintzailez betetako 40 bat ontzi abiatu ziren Gazara bidean. Haien helburua da Israelek ezarritako blokeoa hausteko eta suntsitutako lurraldeari laguntza emateko beste saiakera batean, antolatzaileek jakitera eman dutenez. Flotillako bozeramaileek adierazi dutenez, "desobedientzia zibil kolektiboko ekintza bat da".
Global Sumud ontzidiarekin bat egingo duten hogei bat itsasontzi Marseillako portutik atera ziren apirilaren 4an, eta, aurreikuspenen arabera, itsasontzi gehiago abiatuko dira Siziliako Sirakusatik apirilaren 24an. Flotillak astebeteko geldialdia egingo du Italiako hegoaldean, "indarkeriarik gabeko prestakuntza" emateko.
Helburuez
Ontzidiaren beste helburuetako bat da "konplexu militar-industriala" salatzea da. "Armamenturako eta segurtasunerako teknologia esportatzeari uzteko eskatu nahi dugu". Azaldu dutenez, euskal herritarren ordezkaritzak "arreta berezia" jarriko dio Euskal Herriko teknologia militarraren erabilera salatzeari, eta zuzenean edo zeharka gerrarako teknologia ekoizten duten enpresak ere salatuko dituzte. Bozeramaileek nabarmendu dutenez, euskal ordezkaritzak "izaera antiinperialista eta antimilitarista sendoa du".
Horiez aparte, Espainiako eta Europako erakundeek okupazioarekin duten konplizitatea salatu nahi dute flotillako kideek, eta borroka nazioartekotu. "Euskal Herriko mugimendu sozialen eta Palestinako askapen mugimenduen arteko aliantza sareak lortzea da helburuetako bat", adierazi dute bozeramaileek.
Flotillan parte hartzen dutenek salatu dutenez, Israelek erasoaldia areagotu du Gazako zerrendan eta Zisjordanian, "Ameriketako Estatu Batuen eta nazioarteko lobby sionisten babes politiko, ekonomiko eta militarrarekin". Gogorarazi dute erasoaldia Libanora eta Iranera zabaldu dutela, nazioarteko zuzenbidea urratuta, eta Ekialde Hurbileko ezegonkortasuna areagotu dutela horrela.
Sumud
Arabieraz erresilientzia esan nahi du.