Mutilen hirugarren mailan 21. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk sailkapenean hirugarren den Gazte Berriak taldea hartu zuen Zelandin. Partida oso lehiatuan, bana, bina eta hiruna berdindu zuten bi taldeek, eta azken tartean Altsasu 4-3 aurreratu zen, Xabier Aiestaran, Mikel Rota, Aritz Sevilla eta Asier Salgado jokalariek sartutako golei esker. Tamalez, Antsoaindarrek penaltiz launa berdintzea lortu zuten eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia.
Aralar Mendik, bere aldetik, gol festa ederra ospatu zuen aspaldiko partez. Uharte arakildarrek Zizurko Ardoi hartu zuten Larrebieta pilotalekuan, eta hasieratik partidaren kontrola hartu eta gailentzen hasi ziren. 18. minuturako 5-0 aurreratu ziren, Mikel Barberena, Jon Iribarren (2) Jon Erice eta Aimar Igoa jokalariei esker. 5-2 hurbildu zen Ardoi, baina Aralar Mendik aginte makila hartu eta Jon Iribarren, Jorge Mariñelarena eta Jon Arenaza jokalarien golekin 8-2 irabazi zuten, zapore bikaineko garaipena.
Ibararte da liderra (51 puntu), Ribera de Navarrari puntu bat aterata (50 puntu). Altsasu zortzigarren da (30 puntu) eta Aralar Mendi hamargarrena (18 puntu). 22. jardunaldian Altsasuk Ardoi izango du aurkari apirilaren 25ean Zizurren (15:30). Aralar Mendik San Juanen kontra jokatuko du apirilaren 26an, San Juanen (12:00).