Foruzaingoak jakinarazi duenez, Altsasuko polizia-etxeko Prebentzio eta Herritarren Arretarako Taldeko foruzainek 21 eta 25 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten apirilaren 6an. Bi gizonezkoei ustezko ebasketa-delitu bat egitea leporatu diete. Foru poliziak azaldu duenez, arratsaldez patruilatzen ari ziren poliziek Iparraldeko Autobian (A-1), Olatzagutiko dermioan, abiadura handian zihoan auto bat ikusi zuten. Egiaztapen telematikoak egin eta ibilgailua nahitaezko asegururik gabe zihoala ikusi zute, eta, beraz, gelditzeko agindua eman zioten.
Bi gizonezkoak zihoazen autoaren barruan foruzainek hainbat objektu, maletak eta bandolerak ikusi zituzten. Foruzainek haien jatorriari buruzko argibideak eskatu zietenean, antza, gizonezkoak ez ziren gai izan diskurtso koherentea izateko, urduri jarri ziren. Hori dela eta, autoa miatu zuten foruzainek eta barruan hainbat telefono mugikor, tableta eta dirua aurkitu zituzten. Hainbat arropa etiketatu ere bazeramatzaten, Italiatik ekarriak, bai eta markako hainbat lurrin ere, jatorri berekoak.
Telefono mugikorrak erabiliak zeuden, ez zuten SIM txartela, eta fabrikako balioetan zaharberrituta zeuden. Hori dela eta, agenteak susmatu zituzten, lapurtuak izan zitezkeelakoan. Hainbat ikerketa egin ondoren, aurkitutako tabletaren jabearekin, italiarra bera, harremanetan jartzea lortu zuten. Hark esan zuen lapurretaren biktima izan zela.
Ibilgailuan aurkitutako ebidentziak ikusita, hala nola telefono mugikorrak, etiketatutako arropa, lurrinak eta 13.000 euro, ibilgailuan zihoazen bi gizonezkoak atxilotu zituzten, eta ebasketa delitu bat egotzi zieten, horren guztiaren jatorria modu koherentean azaldu ez zutelako.
Foruzaingoko Polizia Judizialaren Dibisioko Iparraldeko Polizia Judizialaren Brigadak instruitutako eginbideak epaitegi eskudunari igorri zitzaizkion, dagozkion ondorioetarako.
