Garalurrek GoiNafarroa turismo marka aurkeztu du

Guaixe 2026ko apirilaren 27a

Marka berria pantailan eta Ibon Mimentza de Irala azalpenak ematen. UTZITAKOA

"Lurralde helmuga jasangarri, kohesionatu eta lehiakor gisa sendotzea helburu duen ekimen estrategikoa da".

Cederna Garalur elkarteak GoiNafarroa / AltaNavarra turismo marka berria aurkeztu zuen Larraintzarren apirilaren 17an. Proiektua Turismo Helmuga Jasangarrirako Planen baitan garatu dute. Garalurrek zuzendari gerente Ibon Mimentza de Iralak azaldu duenez, "markaren sorrera gobernantza parte hartzaileko prozesu baten emaitza da, non azpimarketako batzorde teknikoek, erakunde publiko eta pribatuek eta tokiko eragileek parte hartu duten". Proiektua Europako NextGeneration funtsen bidez finantzatu dute.

Marka nagusi horren bidez, Garalurrek sustapen estrategia bateratua bulkatuko du, "markak aniztasuna bateratzen duen kontakizun komun bat eraikiz", azaldu du. Turismo marka berriaren baitan bost azpimarka daude: Nafarroako Pirinioak, Baztan-Bidasoa, Zangozaldea-Pirinioaurrea, Urdina ibilbidea eta Plazaola-Sakana-Ultzamaldea.

Bai markak bai azpimarkek beraien logotipoak dituzte. Aurkezpenean esan zutenez, horiek “helmugaren balioak eta posizionamendua definitzen dituen identitate bisual eta narratiboa” dira. Aldi berean, “lurraldearekiko lotura emozionala indartzen duen soinu-identitate berritzailea” sortu dute. Eta “lurraldearen funtsa eta erakargarritasuna transmititzeko sortutako ikus-entzunezko edukiak” egin dituzte.

Adierazpenak 
Garalur elkarteko presidenteak, Arantxa Arregi Alberrok nabarmendu dutenez, "marka berria tresna erabilgarria izan nahi du lurraldeko turismo ekosistema osoarendako". Azpimarratu dutenez, "udalen, enpresen eta tokiko eragileen inplikazioa funtsezkoa izango da haren garapenerako eta sendotzerako". Arregik, azpimarratu duenez, "sektore publikoa eta pribatua elkarlanean aritzen direnean , lurraldeak askoz urrunago heltzen direla , eta marka hau horren adibide dela". Bestetik, gaineratu du "elkarlan horrek emaitza zehatzak ekarri dituela, esaterako, lurraldeko eskaintza indartuko duten 40 turismo produktu sortzea".

Bestetik, Mimentzak adierazi duenez, "logo batetik harago joan nahi izan da: marka hau lurraldea beste modu batera ikusteko eta osotasun gisa posizionatzeko tresna da". Nabarmendu duenez, "azken urteetan 20 inbertsio jasangarri egin direla Turismo Helmuga Jasangarrirako Planen bidez , eta marka honek lan horri balioa ematen lagunduko duela".