Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Baimendutako azienda sartzeko epea apirilaren 15ean zabaldu zen. Abeltzainek abelburuak abenduaren 15era arte izan ditzakete mendian. %70 ardiak dira, %14,64 behorrak eta %12 behiak.
Nafar abeltzainek tradiziozko eskubidea dute beraien azienda Urbasa-Andia natur parkean larratzeko. Mendiko larre horiek, gainera, 2018az geroztik Nafarroako ekoizpen ekologikoko ziurtagiria dute. 15.817 hektarea ditu natur parkeak, 11.445 Urbasak eta 4.372 Andiak. Larreak aziendarako dagoeneko zabalik daude.
Andian Urbasan baino 1.377 buru gehiago izan ziren joan zen urtean. Andiak aziendaren %51,98 hartu zuen eta Urbasak, berriz, %48,02. Orokorrean, ahuntz eta zaldi aziendek nahiago dituzte Andiako larreak, eta behi aziendak, berriz, Urbasakoak. Artaldeak bi mendietan banatzen dira, eta Andia mendilerroa da nagusi. Ustiategi kopuruari dagokionez, handiagoa da Urbasan, baina Andian baino ustiategi txikiagoak dira, batez ere ardi, ahuntz eta zaldi aziendetan.
Orokorrean, natur parkean abelburuen bilakaerak gora egin du azken hamar urteetan. Urbasak balio altuagoak eta egonkorragoak mantentzen ditu azken hamarkadan, hazkunde neurritsuarekin 2023ra arte eta jaitsiera txikiarekin azken aldian. Andia, berriz, balio txikiagoekin hasten da, bilakaera aldakorragoarekin, baina hazkunde handiarekin azken urteetan. 2025ean Urbasaren antzeko mailara iritsi zen.
Aziendaren jatorria Urbasa-Andian aziendaren %65 eta ustiategien %68 Olloibar, Goñi, Gesalatz, Lezaun, Deierrikoa eta Sakanakoa da. Azienda Larriaren Unitatea (ALU) abeltzaintzan erabiltzen den indize estandar bat da, hainbat animalia espezie eta adin eskala komun batean bihurtzeko. Indize horrek erraztasuna ematen du abeltzaintza kargaren kalkulua, elikadura eta beharrezko espazioa zehazteko. Urbasa-Andian 13.155 ALU izan ziren 2025ean. Haren ekialdean dauden ibarretakoa da ALU bolumen handiena.
Sakanako azienda Urbasan nabarmentzen da bereziki (2.164 ALU eta 97 ustiapen). Mendi horretan Mendialdetik datorren aziendarik ia ez baitago. Andian, berriz, aziendaren eta ustiategien ia erdia ekialdeko ibarretakoa da, baina Sakanako (1.577 ALU eta 41 ustiapen) eta Kantauriko ibarretako (Araitz) aziendak ere garrantzitsuak dira.
Aziendaka Zaldi aziendaren presentzia natur parkean joan zen urtean %9,87 hazi zen. Guztira 5.097 buru egon ziren, 3.111 Andian (%61,04) eta 1.986 Urbasan (%38,96). Zaldi aziendaren %25,82 (1.319 buru) Sakanako abeltzainena zen (709 Andian eta 607 Urbasan). Sakandarrek 2024an baino %6,99 zaldi azienda gehiago igo zuten natur parkera.
Natur parkeak urte batetik bestera hartu duen behi azienda kopurua %0,19 hazi zen 2025ean. Guztira 4.237 buru egon ziren, 2.664 (%62,87) Urbasan eta gainontzeko 1.573 (%37,13) Andian. Urbasa-Andian egondako behi aziendako 697 buru (%16,45) sakandar abeltzainenak ziren (588 buru Urbasan eta 109 Andian). Kopuru hori 2024an baino %4,52 txikiagoa da.
Ardi aziendaren presentzia %12,85 jaitsi zen joan zen urtean Urbasa-Andian. Guztira 24.633 buru izan ziren. Haietatik 12.922 (%52,46) Andian eta 11.711 (%47,54) Urbasan. Mendian izan ziren 11.238 ardi (%45,62) Sakanakoak ziren (6.224 Urbasan eta 5.014 Andian), aurreko urtean baino %8,21 buru gutxiago.
Azkenik, ahuntz aziendaren presentziak %10,18 egin zuen behera Gesalazko saldoak ez baitziren igo. Guztira 838 buru izan ziren natur parkean, haietatik 485 (%57,88) Andian eta 353 (%42,12) Urbasan. Sakanako ustiategietako 282 ahuntz buru (%33,65) sakandarrak ziren, 2024an baino %18,99 gehiago. Haietatik 233 Urbasan egon ziren eta gainerako 49ak Andian.
Ustiategiak Guztira 339 ustiapenetako azienda igo zen mendira joan zen urtean, haietatik 132 sakandarrak ziren. Azienda igo zuten 31 ustiapen berriak ziren, baina 2024an igo zuten 30 ustiapenek 2025ean ez zuten aziendarik igo. Ustiategietako jabeen adinari dagokionez, %48 40 eta 60 urte artean dituzte. 18 eta 39 eta 61 eta 80 urte arteko abeltzainek %24nako presentzia dute mendian eta gainerako %4 80 urte baino gehiagoko abeltzainak dira. Azienda igo zuen abeltzain gazteenak 19 urte zituen, zaharrenak, berriz, 94.
Bestalde, mendira azienda igotzen duten 148 ustiapenek (%43) lehentasunezkoak dira, hau da, jabeek jarduera nagusi gisa abeltzaintza dute, bakarka edo elkarte gisa eratuta.
Ustiategi bakoitzeko abelburu kopuruari dagokionez, behi eta zaldi azienden ustiategietan hobera egin du, ardietan beherakada txikia izan da eta ahuntzenetan nabarmenagoa.