EH Bildu eta Geroa Bai ados jarrita, Sakanako Mankomunitateak euskara ikasteko dirulaguntzak handitzea aho batez onartu zuen apirilaren 16ako batzarrean. Erabaki horrekin euskaltegietan euskara ikasten duten sakandarrek matrikula dohainik izanen dute. Mank-eko batzarkideek nabarmendu dutenez, "neurria hizkuntza eskubideen bermea indartzeko eta euskararen ezagutza zein erabilera sustatzeko pauso esanguratsua da. Halaber, euskararen ofizialtasunaren aldeko norabidean aurrera egiteko borondatea berresten du". Horrekin batera, Mank-eko batzarkideek azpimarratu nahi izan dutenez, "erabakia mugimendu politiko desberdinen arteko akordio zabal batean oinarritu da, eta horrek erakusten du ibarrean euskarak duen kontsentsu sozial eta politikoa, integraziorako eta kohesiorako bide gisa".
Tramitazio bakarra
Orain arte euskaltegian euskara ikasten zuten sakandarrek Mank-en dirulaguntza eskatzeko aukera zuten. Matrikula gastuaren %100 estaltzen ez zuenez, Sakanako hamar udalek erabaki zuten falta zen zatia osatzea herriko dirulaguntza deialdien bidez. Horrek ekartzen zuen hamar herri horietako euskara ikasleek dirulaguntza eskaerak bitan egitea: Mank-i eta udalari.
Hori jakinda, Mank-eko batzarrak erabaki du dirulaguntzak eskatzeko izapideak erraztea. Beraz, hemendik aurrera tramite guztiak Mank-eko Euskara Zerbitzuak egingo ditu. Beraz, aurrerantzean, tramite bakarra izateaz aparte, eta eskubide bera izango dute sakandar guztiek, edozein dela herria, guztiek matrikula dohainik izanen dute.
Euskara ikasteko doakotasunerako pausoa da hartutako erabakia. Hala ere, euskara ikasi nahi dutenek euskaltegiko matrikula ordaindu behar izaten dute eta, ondoren, erakundeek dirulaguntza ematen diete. Hau da, euskara ikasteko dirua aurreratu beharra dagoela. Horren jakitun dira Mank-en eta, etorkizunean, euskara ikasteko matrikula ordaindu behar ez izatea da dute helburu. Horretarako pausoak emanen dituzte.
Mank-ek aurten 50.000 euroko ditu. Diruz lagunduko dira 2025eko irailaren 1etik 2026ko agorrilaren 31ra arte egindako ikastaroen matrikulak. Lagundutako ikastaroak dira estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta informatika bidezkoak, C2 mailakoak barne.
Eskabideak aurkezteko irailaren 30ra artekoa izanen da. Eskabide ofiziala beteta aurkeztearekin batera, honako dokumentazioa aurkeztu beharko da: nortasun agiriaren kopia; erroldatze ziurtagiria; euskaltegiak eginiko asistentziari buruzko ziurtagiria eta matrikula ordaindu izanaren agiria; beste erakundeetan egindako laguntza eskae(ra)ren kopia(k) eta aitorpena, administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena.