Sakanako euskalgintzari eta euskara sustatzeko jardueretarako laguntzak

Guaixe 2026ko apirilaren 29a

Pikuxarren antolatutako aurkezpena. UTZITAKOA

Sakanako Mankomunitateak deialdia egin du. Eskabideak maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ibarreko euskalgintzari eta euskara sustatzeko jarduerei diruz laguntzeko deialdia egin du. Deialdiaren helburua da laguntzea euskararen ezagutza eta erabilera areagotzeko helburua duten egitasmoak zein euskararekiko jarrera hobetzekoa dutenak. Zehazki, honako egitasmoak lagunduko ditu: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu duten egitasmoak; euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbil daitezen helburua duten egitasmoak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak; euskararen hainbat alderdi aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak; euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak (hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta lantegiak); etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.

Mank-ek 7.000 euro ditu. Eskabideaz aparte, aurkeztu behar dira: IFKren fotokopia; jardueraren plangintza zehaztua; jarduerei lotutako diru-sarreren eta gastuen gaineko aurrekontua, eta aitorpena, beste administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo jasotako laguntzena.