Uharteko eta Arbizuko eskoletan gelak ixteko arriskua dagoela esan du STEILASek

Guaixe 2026ko apirilaren 23a

STEILASeko kideek Nafarroako Jauregiaren parean protesta egiten. UTZITAKOA

Sindikatuak jakinarazi duenez, Hezkuntza Departamentuak itxi nahiko lituzkeen 19 gelen artean leudeke Sakanako bi ikastetxeetakoak. STEILASek gelak ez ixteko langile finkoak eta ratioen jaitsiera aldarrikatu ditu.

Hezkuntza kontseilari Carlos Gimeno Gurpegik apirilaren 14an jakinarazi zuen Haur Hezkuntzako bigarren zikloan 33 gela gutxiago izanen zirela heldu den ikasturtean. Horretarako argudiatu zuen ikasleen kopuruak behera egin duela. Itxiko diren 19 gela eskola publikoetakoak dira eta gainontzekoak kontzertatutako ikastetxeetan. Azken horiek zein ziren jakinarazi zuen Gimenok, eta zerrenda horretan ez dago Sakanakorik. 

Kontseilariak, ordea, ez zuen jakinarazi zein hemeretzi eskola publikotan itxiko ziren Haur Hezkuntzako gelak. STEILAS sindikatuak ikastetxeetara jo du datu bila eta "gelak ixteko mehatxua" duten eskolen artean Uharte Arakilgo eta Arbizuko eskolak leudekeela jakinarazi du. Sindikatua itxieren kontra agertu da. Horren aurrean, STEILASeko kideek Nafarroan bi Foru Lege onartzea eskatu dute. Bata enplegu publikoa egonkortzeko. Bestea, ikastetxeetako geletako ikasle ratioak legez arautu eta irakasle bakoitzeko gelan dauden ikasle kopurua jaisteko.