Mank-ek Hondakin Zerbitzurako kamioi berria erosi du

Guaixe 2026ko apirilaren 28a

Sakanako Mankomunitateak Hondakin Zerbitzurako erositako kamioia. UTZITAKOA

Papera eta kartoia biltzeko erabiliko du. 

Sakanako Mankomunitateak papera eta kartoia biltzeko kamioi berria erosi du. Harengatik 222.441,56 euro ordaindu dizkio FFS Equipos Urbanos, SA enpresari. Ibarreko erakundeak erosketa finantzatzeko Nafarroako Hondakinen Funtsaren %90eko dirulaguntza izan du. Mank-ek Hondakin Zerbitzuak zortzi kamioi ditu, trasteak biltzeko kaxa irekiko kamioia eta garbigune mugikorra. Mank-ek zerbitzuko kamioi flota berritzeari 2020ean ekin zion. Ordutik zortzi ibilgailu erosi ditu, haietako bat elektrikoa. Gaur egungo flota, beraz, nahiko berria da. 

Kamioien erosketan lagundu duen Nafarroako Hondakinen Partzuergoa Iruñerrikoa ez beste Nafarroako gainontzeko mankomunitateek osatzen dute. Partzuergoa, besteak beste, hondakinen eragina arintzen duten neurriak finantzatzeko tresna bat da. Bere aurrekontua hondakinak zabortegian botatzean edota erraustean ordaindu beharreko zergez osatzen du. Funtsak, ondoren, tokiko erakundeei eta enpresei prebentzioa, gaikako bilketa eta birziklapena hobetzeko dirulaguntzak ematen dizkie.