Txirrindularitza

Iker Gomez eta Aimar Tadeo Asturiasko Vueltan, eta Iker Mintegi Turkiako Tourrera

Guaixe 2026ko apirilaren 24a

Aimar Tadeo, selekzioko taldekideekin. ESPAINIAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA

Txirrindulari sakandarrek egun lehiatuak dituzte aurretik.

Apirilaren 23an hasi eta apirilaren 26ra arte jokatuko den Asturiasko Vueltan Espainiako afizionatuen mailako txirrindularitza selekzioa parte hartzen ari da. Bertan aritzeko deia jaso zuen Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarrak (Equipo Cortizo). Tadeok aurten laugarren denboraldia du amateur tropelean eta talde berria mustu du, Equipo Cortizo, Finisher eta Euskadi Fundaziotik pasa eta gero. Berriki Gorlako Igoera irabazi zuen Tadeok, afizionatuen bere lehen garaipena. Selekzioarekin aritzea sari ederra da.  

Asturiasen ere lehiatzen ari dena Kern Pharma taldeko Iker Gomez altsasuarra da. 

Asturiasko Itzuliak ibilbide bihurria du, etapa laburrak eta hainbat mendiko sariekin, hamabost guztira probako lau jardunaldietan. Hasteko, atzoko lehen saioan sei mendate igo zituzten, besteak beste, El Fitu (1. mailakoa), ibilbidearen erdian, eta Collau Tresllende (2. mailakoa) eta Collada Zardon (3. mailakoa), azken hori helmugatik 14 kilometrora. Irabazlea eta lehen liderra Gabriel Layrac (AVC Aix Provence Dole) izan zen (3:18:30), esprintean. Iker Gomez 47. sailkatu zen, 3:08ra, eta Aimar Tadeo 77., 16:10era. 

Gaur, ostirala La Cruz (2.a), La Colladiella (1.a) eta Alto Cueña (2.a) igoerak dira bigarren zatian, Carabanzo (3.a) aldaparen aurretik, bi kilometro % 9 baino gehiagora, helmugatik sei kilometrora. Etaparik zorrotzena, hirugarrena da, La Bobia (1.a), 29 kilometroko igoera irregularra, eta Orouso (2.a), azken hori Vegadeotik 40 kilometro baino gehiagora. Igandean, Padrun (3.a) eta San Esteban de las Cruces (2.a), 4,7 km % 4,8an, azken 20 kilometroetan igo beharko dituzte txirrindulariek sailkapena erabakitzeko. 

Mintegi, Turkian
Iker Mintegik, bestalde, Turkiako bidea hartuko du apirilaren 26an hasi eta maiatzaren 3ra arte jokatuko den Turkiako Itzulian parte hartzeko. “Turkian igotzaileak izango ditugu Hennequinekin batera. Gure helburua da etapak lehiatzen saiatzea eta txirrindulari pare bat sailkapen nagusiko ohorezko postuetatik gertu izatea" azaldu du Jorge Azanza kirol zuzendari altsasuarrak. 

Turkiako Tourrak ibilbide anitza eskainiko du bere zortzi etapetan: hiru etapa esprintean bukatzeko, hiru gorabeheratsuak eta bi mendiko sarian amaituko dira, hirugarren eta seigarren etapetan hain zuzen ere. Lehian 23 talde izango dira, hiru WorldTour mailakoak eta 14 ProTeam mailakoak, tartean Euskaltel-Euskadi. Eurosport/HBO Max telebista kateak zuzenean eskainiko ditu finalak.