Batxilergoko 1. mailan daude Egoi Urdanoz Aldaya ubertearra eta Euken Goñi Andueza lakuntzarra. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleak dira Sara Najwi Aboufaris etxarriarra eta Anna Mohamed Aali altsasuarra. Beraiek eta Altsasu Institutuko beste hamasei ikaslek Erasmus + programaren ikasle truke batean parte hartu dute.
Alemaniako Sindelfingen herriko Gottlieb-Daimler-Schule 2 ikastetxeko hogei ikasle eta lau irakasle izan ziren Altsasuko institutuan apirilaren 20tik 24ra. Astearen balorazio "ona" egin du Eukenek. "Oso gustura" egon zela esan du Egoik. "Oso esperientzia ona" izan dela esan dute Annak eta Sarak.
Alemaniarrak Gasteizko hotel batean zeuden ostatu hartuta eta egunero Altsasu Institutura etortzen ziren. "Gu baino beranduago etortzen ziren klasera", argitu du Sarak. "Bederatzietan sartzen ziren", Egoik. "Bi taldetan banatzen ziren eta bakoitzak bere Altsasu Institutuko taldearekin bat egiten zuen", azaldu du Sarak. Eukenek argitu duenez, "haiek etortzerako, guk klase bat izana genuen, haiekin hiru orduz egoten ginen egunero, eta gainontzeko klaseak normal izaten genituen".
Ikasle alemaniarrak eta sakandarrak komunikatzeko ingelesez hizketatzen ziren. "Baina batzuek bazekiten gaztelania pixka bat eta gaztelania eta ingelesa erabili genituen", azaldu du Annak. Baina, praktikatzeko, ingelesez hitz egiten genuen", esan du Egoik. "Hirugarren hizkuntza gisa dute gaztelania", zehaztu du Eukenek. Komunikatzeko arazorik ez dutela izan berretsi du Sarak.

Ihes gelen proiektua
Alemaniarrek eta sakandarrek bi proiektu egin dituzte. Eukenek eta Egoik Altsasu/Sindelfingen Escape Room proiektuan parte hartu zuten. "Gai bat, istorio moduko bat, asmatu behar genuen. Guk nahi genuena. Eta horri buruzko ihes gela digital bat egin beharra genuen", azaldu du Eukenek. Gaineratu duenez, "360 graduko kamera batzuekin institutuko geletako 360 graduko argazkiak egin genituen. Informatika programa baten bidez, arrastoak jarri genituen ihes gela osatzeko". Egoik esan duenez, "leku batetik bestera bidaiatzeko" modua zen hori. Eukenek argitu duenez, "errealitate birtualeko betaurrekoak ekarri zituzten. Haiek jarri eta ihes gelan bazeunde bezala zen, eta arrastoak segituz ihes gelatik ateratzen zinen".
Altsasun zeudela bi ihes gela egin zituzten ikasle alemaniarrek eta sakandarrek. Horretarako zortziko bi talde egin zituzten eta talde bakoitza ikasgela batean egon zen. Batean parte hartzaileek momotxorro batengandik ihesi ibili behar zuten. Beste taldeak futbolaren inguruko ihes gela sortu zuen. Alemanian zeudela beste bi ihes gela egin zituzten: hango mitologia eta hemengo mitologia. Sarak eta Annak ez zuten ihes geletan sartzeko aukerarik izan. "Dagoeneko ezin izanen da, uste dut errealitate birtualeko betaurrekoak eraman zituztela", azaldu du Egoik. Gaineratu duenez, "aplikazioaren haien kontuarekin egin genuen dena, eta ez dugu sarbiderik". Ihes gelak sortzea erraza suertatu zitzaiela esan dute Eukenek eta Egoik.

Identitateari buruzko lana
Sarak eta Annak, berriz, nortasunari eta identitateari buruzko lana egin zuten. Ikastetxe bakoitzeko dozena bana ikasle zeuden talde batean aritu ziren. "Alemanian pertsona bakoitzak nongoa eta nolakoa zen esan genuen. Horrela azaldu genuen pertsona bat ez zegoela bere jatorriaren mende. Hau da, zu jatorri batekoa izan zaitezke eta era batekoa edo bestekoa izan zaitezke", azaldu du Annak. Talde horren beste egiteko bat izan zen "bakoitzak jatorri bat esatea eta haren inguruko hainbat ideia ateratzea", gehitu du Sarak.
Alemanian zeudela balioen inguruko "enkantea" egin zutela esan du Annak. "Hainbat balio zeuden eta guk balio bakoitzari prezio bat eman behar genion". Enkantera "atera" ziren balioen artean zeuden: arrakasta, erlijioa, bakea, kultura, laguntasuna…
Lantalde horretan ere gogoko zituzten gauzen berri eman zuten ikasleek orri batean. Beraien buruari buruzko galderak egin zituzten. Alemanian idatzitako orri horiek Altsasun berriro erabili zituzten. Ikasleen artean banatu zituzten eta sakandarrek Alemaniako ikasleetako bat aukeratu behar izan zuten, elkarrizketatzeko. Annak gaineratu duenez, "pertsona bakoitzaren jatorriaren inguruan hizketatu ginen, baita nora joan nahi zuen bizitzera edo bidaiatzera. Eta herrialde horretatik zer interesatzen zitzaigun azaldu genuen". Azaldu duenez, "norabait joan nahi zuen pertsona batek handik zetorren beste batekin bat egiten zuen. Gure artean kointzidentziak zeuden, gauza komunak". Munduko mapan bidaia ugari jasota gelditu ziren. Egun batez nork bere herriko ohiko jakiak dastatzera eman zituzten, eta dantzak erakutsi zituzten. Elkarrekin dantzan aritu ziren ikasleak, Annak azaldu duenez. Beste taldean egindakoaren berri elkarrizketan izan dute Eukenek eta Egoik.

Alemaniako egonaldiaz
Altsasu Institutuko hogei ikasle eta lau irakasle Alemanian martxoaren 8tik 13ra egon ziren. Hotel batean egon ziren. Ikastetxean egin beharrekoez aparte, Sindelfingen herritik gertu dagoen Stuttgart hirian izan ziren bisitan. Han Mercedes auto ekoizlearen museoa bisitatu zuten eta garai bateko ibilgailu zaharretatik azken modelora arteko markaren bilakaera ikusi zuten. Libre izan zituzten orduetan ikasle sakandarrek Stuttgart ezagutzeko aukera izan zuten: futbol zelaiaren kanpoko aldea, dendak, merkataritza gunea…
Tübingen hiri "polita" ezagutzeko aukera izan zuten beste egun batean. Alemaniar ikasleekin batera bazkaldu zuten. Egoirendako janaria "txarra" zen, Annari, berriz, gustatu zitzaion. Hala ere, menu desberdinak eskatu zituzten. Alemanian egin beharreko lan guztiak eginda, ez zuten trukearen bigarren zatirako "etxeko lanik" ekarri.
Sakandarren moduan, alemaniar ordezkaritzak ere bidaia turismoa egiteko baliatu zuen. Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean egon ziren. Azken horretan elkartu ziren denak eta elkarrekin bazkaldu zuten. Nafar jatorriko produktuek osatu zuten menua. Jatekoen inguruan, atzera ere, iritzi kontrajarriak izan dira laukotearen artean. Aurretik, institutuan bertan, patata tortilla eta txistorra dastatzeko aukera izan zuten alemaniarrek, "eta asko gustatu zitzaien" esan du Egoik. Batzuek eta besteek truke egonaldietan parrandarako tartea izan zuten.

Balorazioa
Denak etxean daude. Baina bateko eta besteko ikasleek harremana sare sozialen bidez mantentzen dutela esan digu laukoteak. Nork bere kontaktuak ditu.
Aurretik halako ikasketa truke batean sekula parte hartu gabeak ziren laurak. Egonaldian "oso ongi" egon zirela esan du laukoteak, "oso esperientzia polita" izan zela. Annak esan duenez, "beste pertsona batzuk ezagutu ditugu. Esperientzia oso ona da. Jendea ezagutzeko beldurrik ez izatea, ezta esperientzia berriak izateari ere. Ederra da". Ikasle trukean parte hartzea gomendatu dute. Heldu den ikasturtean aukera badago "ez dezatela bitan pentsatu", esan du Sarak. "Gainera, dena dohainik da: bidaia, jatekoa, hotela…" zehaztu du Eukenek.
Aste "desberdin" baten ondoren ohiko martxara bueltatu da laukotea. Orain ikasketetan zentratu beharko dute. "Orain, gainera, hizkuntza eskolako azterketak dira", jakinarazi du Eukenek. eta institutuko azterketekin hasiak dira dagoeneko. Batxilergokoei maiatzaren 22an emanen dizkiete notak, DBHkoei garagarrilaren 4an.
Azken trukea ez izatea espero dute. Unibertsitatean Erasmus programaren aukera aipatuta, itxaropena adierazi dute. Ikasturte osoa ez bada, erdia.
