Nafarroako Hondakinen Funtsaren dirulaguntzarekin, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak bi proiektu egin zituen joan zen urtean. Mank-ek Gauzen memoria proiektuaren bitartez (53.609,88 euro) lau arlotan eragin nahi izan zuen. Batetik, elikagaiak alferrik ez galtzeko prebentzio kitak banatu zituen. Horietan elikagaiak behar bezala gordetzeko jarraibideak dituzten txarteltxoak zeuden. Baita patatak edo tipulak gordetzeko poltsak, tenperatura-tarte egokiko adierazlea duten hozkailuetarako termometroak eta elikagai-poltsak ixteko pintzak ere. Kitak Pintxo ibiltaria ekimenarekin banatzen hasi ziren eta ibarreko dendetan segituko dute banatzen maiatzean. Aipatutako Pintxo ibiltaria ekimena herriz herri ibili zen eta haren bidez herritarrei janari soberakinez egindako pintxoak eta erabili gabe bota ohi diren elikagai zatiak eskaini zizkieten.
Bestetik, Hezkuntza arloan bost ekimen egin zituen Hondakin Zerbitzuak. Aurreko urteetan pixoihal berrerabilgarriak banatu zituen haur eskoletan. Horietako bateko gurasoak eta langileak erabilera bakarreko pixoihalak erabiltzen proaktiboak izan dira eta ohitura aldatu dute. Ondorioz, garbitu beharreko pixoihal berrerabilgarrien kopurua handitu zen. Hori dela eta, Mank-ek haur eskola publiko horrendako 20 kiloko gaitasuna duen garbigailu profesional bat erosi zuen, ordura arte pixoihalak garbitzeko etxeko garbigailu bakarra baitzuten 80 umerendako.
Haur eskoletan sortutako hondakin kopurua murrizteko eskuoihaltxo berrerabilgarriak banatu zituen. Eta haur bakoitzaren arropa bustia edo zikindua uzten den eta etxera eramaten den poltsa, plastikozkoa izan beharrean orain poltsa iragazgaitz berrerabilgarria da. Bestetik, ibarreko ikastetxeetako ikasleen artean ogitartekoak eramateko poltsatxo berrerabilgarriak banatu dira.
San Donato eskolako ikasleak ogitartekoa eramateko poltsak erakusten. MANK
Horietaz aparte, erabili eta bota egiten den arropak ingurumenean sortzen duen kaltearen inguruan ikasleek kontzientzia hartzeko, ehun hondakinak berrerabiltzeko tailerrak egin zituzten. Ibarreko hamabi ikastetxetan egin ziren eta haietan ikasleek joskintzako eta upcyclingeko teknikak ikasi zituzten. Halako zortzi tailer gehiago egin ziren, sakandar guztiei zuzendutakoak.
Hezkuntza arloan, azkenik, lau konponketa tailer egin ziren. Parte hartzaileek eskuorri bana jaso zuten hondakinak ez sortzeko jarraibideekin, eta konpontzera eraman duten objektuaren historiari buruz galdetu zaie herritarrei.

Tailer bateko parte hartzaileak. MANK
Merkataritza eta ekitaldiak
Badira urte batzuk Mank-ek Zero Zabor Komertzioak programa martxan duela. " Azken urteotan berrerabil daitekeen materialaren banaketak eragin oso positiboa izan du herritarren artean, eta sortutako hondakinen kopurua murrizteko beharra ikusarazi du, baina garrantzitsua da mezua etengabe ematea". Hori dela eta, ibarreko dendetan poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte maiatzean.
Ekitaldiei dagokionez, herri bazkari eta afarietarako Varazdin fundazioaren baxera berrerabilgarria eskaintzen zuen Mank-ek. Baina erakunde eta elkarte batzuen ustez kostu handiegia zuen, edo ez zeuden eskaera egiteko eta erabilera bakarreko baxeraren alde egiteko. Hori kontuan izanda, Mank-ek 500 lagunendako baxera erosi du. Ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitzan dago. Hondakin Zerbitzuak antolatzen diren herri bazkari guztietarako edukiontzien eskaerak jasotzen dituela aprobetxatuz, baxera eskainiko dio halakorik ez duen antolatzaileari. Logistika eta garbiketa tokiko elkarte batek kudeatuko du, egungoa baino prezio merkeagoan.
Festetarako edalontzi berrerabilgarriak eskaintzen zituen Mank-ek, baina denborarekin berreskuratutako kopurura murriztu da. "Kontuan hartuta erabilera bakarreko edalontzien erabilerak gora egin duela azken urteetan, berriz ere edalontzi berrerabilgarriak erostea erabaki da". Normalean baino plastiko gutxiago erabiltzen duen eredu bat aukeratu du, eta udalei eta antolatzaileei eskainiko dizkie. "Edalontziak garbitzeak historikoki arazo dezente sortu dituenez, Mank-ek kudeatuko du basoen jasotzea eta garbitzea tokiko elkarte batekin, garbiketa-zerbitzua kobratuko du".
Utzubar EKOgunera bisitak
Mank-en Keinuz keinu programaren bidez (54.914,53 euro), hezitzaileen laguntzaz, sakandarrek hondakin mota guztiak kudeatzeko prozesuan dauden pausoak ikusteko aukera dute. Utzubar EKOgunera egindako bisiten bidez herritarrek ikus dezakete zer gertatzen den bereizten dituzten edo bereizten ez dituzten hondakinekin. Hondakinak ez direla nahasi behar azaltzen diete bisitariei. Materia organikoaren ziklo osoa ere azaltzen zaie. Eta errefusaren kasuan Tuterara eramaten dela azaltzen zaie. Akaberan, bisitariek Arbizuko plantan egindako konposta zuen birziklatutako kotoizko poltsa txiki bat eta bertako loreen haziak jasotzen dituzte opari, "zikloa etxean erabat itxi ahal izateko, Sakanako konpostaren promozio tresna gisa". Bisita horiek ikastetxeei eskaintzeaz aparte, beste talde batzuei ere eskaini zieten. Gainera, bisitak errazteko eta sustatzeko autobus garraioa kontratatu du Mank-ek.

Hondakinen kudeaketa egokia egiteko helburuz, Mank-ek ezinbestekoa jo du ikastetxeetan etengabeko presentzia izatea. Lehen Hezkuntzako zentroetan jasotako paper hondakinekin birziklatze tailerrak egin dituzte ikasleek Mank-eko hezitzaileekin batera. Papera egiteko hamabost tailer egin zituzten joan zen urtean.
Hondakinak gaizki uzteaz
Ibarreko erakundeak jakinarazi duenez, "hondakinak legez kanpo uztearekin eta isurtzearekin lotutako gorabeherak handituz joan dira azken urteotan. Sakanako hondakinen estrategiari buruzko galdetegiaren emaitzen arabera, herritarrek uste dute garrantzitsua dela horrelako gertakarien kudeaketa, eta gehienak ados daude zigorrak ezartzearekin". Hori kontuan izanik, lehen pauso gisa, Mank-ek informazio orriak jarri ditu hiri hondakinak biltzeko gune guztietan. Larrialdi gune eta ekarpen etxoletan, esaterako, hiru kartel jarri ditu. Barrukoan hondakinen bereizketari buruzko informazioa dago, herritarrek frakzio bakoitza non utzi jakin dezaten. Kanpokoetan, berriz, kartel batek atez ateko bilketa-sistema nola erabili eta hainbat hondakin berezi (tamaina handikoak, etxe tresnak, inausketak eta abar) behar bezala nola kudeatu azaltzen du. Besteak araudia betetzen ez bada izan daitezkeen isunei buruzko informazioa ematen du.

Bisitari taldea Utzubar EKOguneko konpost plantan. MANK
Atez ateko hondakin bilketa duten herrietan hondakinak zintzilikario edo posteetan uzten da hondakinez betetako pertza. Zintzilikarioen goiko aldean euskarri bat jarri da eta han bi kartel. Batek bilketa egutegiari buruzko informazioa ematen du, besteak araudia betetzen ez bada ezar daitezkeen isunei buruzkoa da. Irurtzun eta Altsasuko edukiontzietan, azkenik, binilo bat jarri dute. Haren bidez hainbat hondakin berezi, batez ere tamaina handikoak, kudeatzeko moduari buruzko informazioa dute, eta araudia betetzen ez bada izan ditzakeen isunen berri ematen du. Aldi berean, Mank-ek etxe guztietan hondakinen inguruko gida banatu zuen 2025ean.
Azkenik, gaur egun inausketa hondarrak jasotzeko hamalau gune daude beste hainbat herritan. Mank-etik azaldu dutenez, bi arazo identifikatu dituzte: inausketa hondarrekin batera belarra egotea eta inausketa hondarrak behar ez den tokian uztea. Horregatik, inausketa gune bakoitzean hiru kartel jarri ditu. Belarra eta inausketa hondarrak non utzi adierazten dute bik, eta besteak inausketa gunea identifikatzen du.
