Kirol errezetaren ondoren errezeta soziala heldu da. Batak eta besteak sakandarren ongizatea hobetzea dute helburu.

Iker Unanua Huarte, Teknoadineko programako koordinatzailea. ARTXIBOA
Zer da errezeta soziala?
Pertsonak eta gure herrietako baliabideak konektatzean datza. Bestela esanda: aktibo komunitarioen gomendioa.
Zer dira aktibo komunitarioak?
Herrietan dauden hainbat baliabide dira. Esaterako, Sakanako Mendizaleak taldea. Edo egin berri den bizikleta bidea, jendeak egunero paseatzeko erabiltzen duena. Aktibo komunitarioak dira elkarren arteko laguntza taldeak, edo herrietako joskintza taldeak, antzerki taldeak... Horiek pertsonen edo komunitatearen osasuna eta ongizatea mantentzeko edo hobetzeko gaitasuna duten faktore edo baliabideak dira. Desberdintasun txiki bat dago baliabide eta aktiboen artean. Baliabideak komunitatearen baitan daude. Aktiboak, berriz, osasuna hobetzen edo ongizatea modu aktiboan ematen dute. Baliabide bat aktibo bihurtu daiteke, baldin eta osasuna eta ongizatea benetan bulkatzen dituen zerbait bezala erabiltzen edo aitortzen denean. Esaterako, antzerki talde bat.
Errezeta sozialera bueltatuz...
Errezeta soziala prozesu bat da. Prozedura bat sortu dugu gizartean dauden gauza horiek gizarte zerbitzuekin eta osasun etxeekin konektatzeko.
Nolako prozesua da?
Osasun etxeek eta gizarte zerbitzuek baliabide horiek gomendatuko dituzte, dagoeneko kirol preskripzioarekin egiten den bezala. Teknoadineko programako teknikariek bitartekari lana eginen dute. Hau da, preskripzioa duten pertsonekin elkartuko dira, pertsonak eta beraien egoerak ezagutzeko. Eta bien artean pertsona horrendako aktibo egokiena izan daitekeena opatzen saiatuko dira. Izan daitezke herrian dauden kirol edo kultur taldeetan parte hartzea. Edo ibai ertzean paseatzeko dagoen xendaren berri ematea. Zeren gerta daiteke pertsona bat gure komunitatean berria izatea eta den-dena ere ez ezagutzea. Horretarako ere baliagarria izan daiteke. Eta nahiz eta gizarte zerbitzuetatik edo osasun etxetik ez pasa, komunitateko baliabideak ezagutzeko interesa dutenek guregana jo dezakete zuzenean.
Hori da berritasuna?
Ikuspegi aldaketa bat dago hainbat arlotan. Batetik, prebentzioaren ikuspegitik. Esaterako, bakardadeaz hitz egiten ari bagara, fokua gizarte harremanetan jarriko genuke. Komunitateko hainbat espazioetan parte hartuz isolamendu egoeren prebentzioa eginen litzateke. Jendea ezagutzeko espazioak ongizatean eragiteko. Bestetik, gaixotasunean zentratu beharrean osasuna eta ongizatea sortzen duten faktoreetan zentratzea. Azkenik, osasunaren gizarte determinatzaileak kontuan hartu behar dira. Faktore fisiko eta biologikoez aparte, gure osasunean gizarte faktoreek ere eragiten dute. Esaterako: gure hezkuntza maila, lana dugun edo ez, etxebizitzaren egoera, ingurune fisikoa, harreman sozialak eta baliabideak eskuratzeko pertsonek duten gaitasuna… Horrek guztiak osasunean eragiten du. Beraz, horietan ere fokua jartzen dugu.
Zer harrera izan du?
Profesionalen artean oso positiboa. Leku askotan martxan jartzen ari den berritasun bat da. Sakanan Teknoadineko programa duela hiru urte martxan jarri genuen. Diagnosi batekin hasi ginen eta haren bidez baliabide asko ezagutu genituen. Profesional eta eragile askorekin elkarlanean aritu gara. Pertsona erreferente eta konprometitu asko ezagutu ditugu. Elkar laguntzeko sareei esker hobeto bizi diren pertsonen istorioak ere. Hori guztia pertsonen eta profesionalen eskura jartzea gure helburua.
Egin duzue?
Jakina. Profesionalekin hitz egin dugu eta lehen aipatutako prozedura edo protokoloa sortu dugu. Gizarte zerbitzuetatik edo osasun etxetik preskripzioa egin dezakete.