"Ikastetxetik kanpo haurrek unibertso euskaldunago bat behar dute"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 8a

Haurrak eta gurasoak Irurtzungo jolas parkean. ARTXIBOA

Bai Euskarari, Nafarroa Oinez, Korrika, Euskaraldia. Asko dira euskararen alde sortutako ekimenak eta ekimen berri bat sortzera doa: Eusfera.

Eusfera etxeko haur eta gaztetxoen atmosferan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea du helburua, eta maiatzaren 7tik 17ra eginen da.


Nora Gonzalez Goñi, Eusferako Nafarroako arduradunetako bat. UTZITAKOA

Zergatik eusfera?
Taupa euskaltzaleen mugimenduan kezka aspaldi jasoa dugu: gure haurren ingurunea geroz eta erdaldunagoa da. Geroz eta zailtasun handiagoak ditugu haurren unibertsoa deitu diogun hori euskaldunagoa izateko. Etxe barruan, eta herrietan ere bai, euskarari toki gehiago emateko zailtasunak. Eusfera kezka edo behar horretatik jaio da eta gure haurren unibertsoaren euskalduntzean aurrerapausoak eman nahi ditu. Horretarako gurasoen aktibazioa eskatzen dugu.

Nondik jaso duzue kezka hori? 
Batez ere gurasoengandik heldu zaigu kezka. Soziolinguistika datuek diotenez, guraso eta haurren artean euskararen erabilera handiagoa da. Helduen artean, ordea… Eta haurrek gutxi gorabehera 9 urte betetzen dituztenean, hortik aurrera euskara are gutxiago erabiltzen hasten dira. Horregatik jaio da Eusfera: horri buelta emateko eta proposamen edo hausnarketa batzuk plazaratzeko.

Eusferaren aurretik 'Haurren aurrean, helduak heldu' ekimena zegoen. Zein da aldea?
Hori da, ez gara zerotik hasten, gurasoekin aritu gara aurreko urteetan ere. Aurten behin eta berriro esaten ari gara Eusferan denok sartzen garela. Ez bakarrik familia euskaldunak. Kezka hori partekatzen duen edozein gurasorendako ekimena da Eusfera. Berdin du euskaraz jakin edo ez, ikasten ari den, ulertzen duen baina ez duen hitz egiten… Guztiak dira ongi etorriak egitasmoan eta guztiak garrantzitsuak Eusfera aurrera eramateko. Hori da aurtengo mezuetako bat.

Zergatik da garrantzitsua haurren hizkuntza unibertsoa?
Gurasoen erabaki garrantzitsu bat izaten da seme-alabak D ereduan edo euskal ereduetan matrikulatzea. Baina kontuan hartu behar dugu haurrek egunaren %15 bakarrik pasatzen dutela eskola orduetan. Eskolatik kanpo eragin behar da eta haurrek behar dute unibertso euskaldunago bat etxean, pantailetan, etxeko liburuetan, entzungo duten musikan, kalean… Horri deitzen diogu haurren unibertsoa, ikastetxetik kanpo gertatzen den guztia indartu edo euskaldundu nahi dugu.

Beste helbururen bat baduzue?
Bide batez, etxe barruan hizkuntza ohituretan aldaketak sortu edo aurrerapausoak eman nahi ditugu. Familien arteko elkargune euskaldunak ere sortu nahi ditugu; euskara erdigunean jarriko dutenak, nahiz eta euskaraz ez dakiten gurasoak ere elkargune horietan parte hartu. Eta gurasoak kontzientziatu edo ahaldundu nahi ditugu, jabetu daitezen haien seme-alaben heziketa prozesuan euskarak hartzen duen tokia zein garrantzitsua den. Hausnarketa hori ere guraso guztiekin partekatu nahi dugu, eta sentsibilizatu nahi ditugu.

Hori guztia nola egiten da?
Eusferak bi proposamen zehatz eginen ditu. Lehena da misioen proposamena. Misioak izango dira Euskonauten bidaia deitu dugun dinamika txikia da. Familia bakoitzak etxe barruan eginen duen ariketa kolektibo bat da. Familia bakoitzaren euskara maila eta haurren adina kontuan hartuta, erronka edo misio berezi batzuk proposatuko ditugu. Familiek aukera izango dute etxe barruan bidaia hori egiteko eta lehen aipatu ditudan alor horietan aurrerapausoak emateko: hizkuntz ohituretan, pantailetan, ipuinetan eta abar. Bigarren proposamena da Euspazioetan parte hartzea. Euspazioak izanen dira familien arteko elkarguneak. Euskara erdigunean jarriz, familien arteko espazio erosoak izanen dira. Eusferak bi bide horiek hartu ditu. Eta eusferaz aparte, horrelako ohiturak aurrera jarraitzea ere espero dugu.

Euspazioak herriak dira?
Hainbat herritan gurasoek norbanako gisa parte hartuko dute. Baina bereziki Eusfera batzordeak Irurtzunen eta Altsasun sortu dira. Egitarau oparoa antolatzen darabiltza eta hainbat euspazio antolatuko dituzte.

Irurtzun eta Altsasu aipatu dituzu, baina Sakanan 15 udalerri daude. Aurretik izena eman behar da? 
Hori da. Oraindik herriek izena eman dezakete. Edozein udalerri, edozein ikastetxe prest baldin badago Eusfera bere ikastetxe edo herrian antolatzeko, oraindik garaiz daude. Eta parte hartzeko modu asko daudenez, eusfera.taupamugimendua.eus webgunean saltzeatzera gonbidatzen ditut. Han antolatzaileendako informazioa eta misioen berri jasotzeko modua daude.

Haurrak, zein adinetakoak?
Guk proposamena egiten diegu 0 eta 12 urte arteko haurren gurasoei. Eta proposamen berezituak  sortu ditugu adinaren arabera, izan ere, 12 urteko gaztetxo baten edo jaio berri baten edo beste adin bateko haur baten hizkuntza unibertsoak desberdinak direlako.

Haurra hizkuntza eredu batean edo bestean ikasten egonda ere, berdin-berdin parte har daiteke? 
Eusfera euskarazko ereduetan matrikulatuta dauden haurrendako sortu da. D eta B ereduaz aparte, A ereduan ikasten duten haurren familiei deia ere egin diegu, egitasmoa aurrera eramateko. Familiaren bat animatuko balitz ere tartea izango luke egitasmoan.

Edozein familia ereduk parte har dezake?
Bai. Guk familia zentzu zabalean ulertzen dugu. Eusferaren kasuan familia etxe berean bizi diren kideen elkarbizitzari erreparatu diogu, helduei eta haurrei. Argi eta garbi diogu hainbat familia mota eta anitzen inguruan ari garela.

Eusfera etorkizunean errepikatuko den ekimen bat izanen da?
Ikusiko dugu zer jasotzen dugun, gurasoak egitasmoarekin nola sentitu diren, nola joan den antolaketa... Balorazio kolektibo bat egin nahiko genuke, aztertzeko hurrengo urteetan ere bide horretan jarraitu behar dugun. Hau da, haurren unibertso euskaldunago bat lortzeko bidean. Pentsatzen dut urtez urte errepikatzen bada hobekuntzak izanen direla.

Zein sentipen izan nahiko zenuke maiatzaren 18an?
Batetik, poztasuna, etxe barruetan eta herri eta plazetan euskara erdigunean jarri delako. Eta, bestetik, pozik ere dena ongi joan delako, eta guraso batzordeek lortu dutelako haien herrietan eragitea.