Disuasio aparkaleku bana Aizkorben eta Etxeberrin

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 5a

Aizkorbeko sarreran ibilgailuendako egindako aparkalekua.

Mendizaleek ibilgailuak herrian non-nahi ez uzteko egin ziren

Erga mendia erakarritako hainbat pertsona hurbiltzen dira Aizkorbera. Eta Aixita eta Aralar mendizerra erakarrita jende mordoa joaten da Etxeberrira. Oihana Olaberria Jaka alkateak azaldu duenez, "mendiak erakarrita hainbat mendizale etortzen dira, batez ere asteburuetan. Jendeak ez zegokien tokietan aparkatzen zituen ibilgailuak bai Aizkorben bai Etxeberrin". Horrek eragozpenak sortzen zizkien aizkorbearrei eta etxeberriarrei. Alde batetik hori kontuan izanda, eta, bestetik, "azken urteetan mendian askoz ere jende gehiago ibiltzen dela ikusita", Arakilgo Udalak erabaki zuen Aizkorben eta Etxeberri ibilgailuendako aparkaleku bana egitea. Duela bi urte egin zituzten.


Etxeberriko aparkalekua herri sarreren eta GR20 ibilbide luzearen ondoan dago. 

Aizkorben egin duen aparkalekua herrigunerako sarbidea den errepidearen ertzean egin zuen Arakilgo Udalak, herritik gertu. Aparkalekuak 37 metroko luzera eta 7 metro zabalera ditu. Aizkorbekoan udalak zuhaitz batzuk jarriko ditu. Etxeberriko aparkalekua ere herri sarreran dago, herrira daraman errepidearen mendebaldera abiatzen den dermioko bide baten aldamenean. 36 metroko luzera eta 12 metroko zabalera du aparkalekuak. Haren aldamenetik pasatzen den dermioko bidea GR20 mendi ibilbidearen zatia ere bada. "Eta udalaren asmoa da Urritzolan beste aparkaleku bat egitea, nahiz eta egitasmo hori oraindik ondu gabe dugun", jakinarazi du alkateak.

Aizkorbeko eta Etxeberriko aparkalekuak egiteko Arakilgo Udalak herri bakoitzean lursail bana alokatu du. "Aparkalekuek funtzionatzen badute, udalaren asmoa litzateke lurzoru horiek erostea eta aparkalekuak behin betiko uztea", argitu du Olaberriak.